Sorturen sorrera

Sortu erregistroan ez onartzeko eskatuko du Espainiako Fiskaltzak

Alfredo Perez Rubalcaba: «Sortu ilegalizatuz gero, ezker abertzalearen balizko B planari erantzuteko prestatuta dago estatua»Ezker abertzaleak dio ez duela A edo B planik, legezkoa izan nahi duela

Sortu alderdiko bultzatzaileak, Alex Maskeyrekin, Madrilen estatutuak aurkeztu zituzten egunean. A. CANELLADA / ARP.
Koldo Aldabe.
2011ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Sortu Espainiako alderdien erregistroan onartzea debeka dezan eskatuko dio Estatuko Fiskaltzak Espainiako Auzitegi Gorenari, alderdi jaio berria «Batasunaren jarraipena» dela «frogatuta» dagoela iritzi diolako.

Halaxe jakinarazi zuen atzo erakunde horrek ohar baten bidez, eta aurreratu zuen martxoan egingo duela eskaera ofiziala auzitegi horretan. Fiskaltzak horretarako daukan hogei eguneko epea martxoaren 11n amaitzen da.

Oharraren arabera, Sortu erregistra dadin debekatzeko eskaria bi oinarritan finkatzen da: batetik, Barne Ministerioak Sorturen estatuei buruz bidalitako dokumentazioaren gainean egindako «analisi juridikoan»; bestetik, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak bildutako «informeetan». Fiskaltzak, gainera, estatuko segurtasun indarrei «ikerketa osagarriak» egiteko agindu die, debeku eskaria ofizialki aurkeztu bitartean.

«ETAren zerbitzura»

Espainiako Barne Ministerioak Fiskaltzari igorritako Guardia Zibilaren eta Poliziaren informeetan «ondorioztatu» dute Sortu «Batasunaren tresna bat» dela «ETAren zerbitzura» sortutakoa, eta estatutuetan indarkeria errefusatzen badu ere —baita ETArena berarena ere— hori «legezko izateko trikimailu bat» dela. Alderdi berriak indarkeria gaitzestea eta ETArengandik independentea dela aldarrikatzea estrategia hutsa dela frogatuko lukeen aztarna zuzenik, ordea, ez dute aurkeztu. ETAren edo ezker abertzalearen Sorturi buruzko agiri zehatzik ere ez dago polizia informeetan. Informazio gehiena, gainera, 2008-09ko txostenetan bildutakoa da.

Espainiako Poliziaren arabera, Rufi Etxeberriak eta Iñigo Iruinek alderdi berriaren estatutuen aurkezpenean hartutako «protagonismoa» zantzu adierazgarria da Sortu legez kanporatutako alderdiaren jarraipen gisa hartzeko. Informeak dioenez, Sortu eta Batasunaren artean «jarraipen hariak» daude, eta, alderdi berriaren bultzatzaileak «aratzak» eta Batasunarekin «ustezko» harreman zuzenik gabeak izan arren, horien atzean «ETAren inguru politikoa» dago.

Guardia Zibilak ere tesi bera defenditzen du, eta azpimarratzen du otsailaren 7ko Sorturen aurkezpen ekitaldian Batasuneko, EHko, EHAK-ko eta EAE-ANVko «30 buruzagi edo militante» agertu zirela, baita «ETAko aparatu politikoko» kide bat ere. Froga gisa aurkeztu ditu, halaber, azken hilabeteotan ezker abertzaleko hainbat pertsona ezagunek (Rufi Etxeberriak, Txelui Morenok...), «marka propioa legalizatzeko asmoz» eta Alderdien Legea goitik behera betetzeko asmoz eginiko adierazpenak, eta polizia deklarazioetan «antzeko baieztapenak» egin zituzten Ekineko kideenak.

Espainiako Poliziaren informeak eta Guardia Zibilarenak onartu egiten dute alderdi berriaren estatutuak «akatsgabeak» direla «ikuspuntu formal batetik», baina biek Batasunaren ilegalizazioari buruzko Estrasburgoko Auzitegiaren epaira jo dute egitate horri garrantzia kentzeko, auzitegi horrek esan baitzuen alderdi baten estatutuak eta programa politikoa ez direla aski alderdi horren helburuak eta asmoak ebazteko.

Denbora gutxi

Fiskaltzak martxoan dokumentazioa aurkeztuta, denbora askorik ez dago Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu legezkoa dela ebatziko balu alderdi berria maiatzeko hauteskundeetarako garaiz erregistratu ahal izateko. Orain arteko aurrekari bakarra ASBren kasua da, eta orduan hilabete eta erdi behar izan zituen auzitegiak epaia emateko.

Hori dela eta, ezker abertzaleak bozetan egoteko «B plan» bat duela zabaltzen hasi dira hainbat hedabide. Ustezko asmo horri buruz mintzatu zen atzo Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcaba. Gertatuko balitz Espainiako Estatua aukera hori eragozteko prestatuta dagoela aurreratu zuen Rubalcabak, eta Espainiako Hauteskundeen Legean egindako aldaketak aipatu zituen.

Ezker abertzaleko kide Aitor Bezaresek, aldiz, ukatu egin zuen A edo B planak eginak dituztela. Haien asmo bakarra legezko izatea dela eta bizitza politikoan eta hauteskundeetan parte hartzea dela esan zuen Bezaresek.

Legeztatzea onuragarria

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere Sortu alderdia mintzagai izan zuen atzo Eusko Legebiltzarrean, EAJko Joseba Egibarrek egoera politiko berriaren aurrean Jaurlaritzaren egitasmoak zeintzuk diren eta Sortu legeztatzeak bide politiko eta baketsuak sendotuko dituela uste duen galdetu baitzion. Lopezek erantzun zion ezker abertzalearen legeztatzeak bakeari lagunduko liokeela, baina gaineratu zuen «haiek» frogatu beharko dutela «oraingoan serioski ari direla». «Inork ez lioke eragotzi behar sarrera demokraziaren arauak, printzipioak eta legeak egiazki bere egiten dituenari, eragozteak eragotzi duenaren balio demokratikorik eza erakutsiko lukeelako», esan zuen EAEko lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.