Sortu: "Gerra egiten jarraitu nahi dute"

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak mobilizaziora deitu du gaur iluntzerako herrietan, atxiloketen kontra protesta egiteko.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, agerraldian. JON URBE, FOKU
jon olano
2018ko martxoaren 20a
17:11
Entzun

Sortuk presazko agerraldia egin du eguerdian, Miren Zabaletaren, Antton Lopezen, Oihana Garmendiaren eta Olatz Dañobeitiaren atxiloketen inguruko balorazioa egiteko. Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak atxiloketen testuingurua ekarri du gogora: "Gauza jakina da ezker abertzalea lanean ari dela aurreko zikloa itxi dadin eta ETAk ekarpena egin diezaion ziklo berriari".

Rodriguezek salatu du Espainiako Estatuak ez diola "bere biolentziari uko egin nahi, badakielako biolentziarik gabe ez dela ezer". Egotzi dio "erosoago" egotea "aurreko ziklo politikoan", eta uste du horri lotuta daudela atxiloketak: "Ez daukate eskaintza politiko demokratikorik Euskal Herriarentzat".

"Batzuk bakea egiten" ari diren bitartean "beste batzuek gerra egiten jarraitu" nahi dutela adierazi du, eta "arduraz jokatzeko deia" egin die PSE-PSN, Geroa Bai, EAJ eta Ahal Dugu-ri: "Bakearekin gaude, edo bakearen etsaiekin". Sortu harremanetan jarriko da gainerako alderdiekin, PPrekin salbu, "erantzun bateratua" emateko. Halaber, mobilizaziora deitu du gaur arratsalde-iluntzerako auzo eta herrietan.

Gatazkari buruzko "kontakizunaz" era mintzatu da Rodriguez: "Sinetsarazi nahi digute gezurra direla estatuaren bizkar gainean dauden ehunka biktimak. Ez dugu onartuko gezurrezko kontakizun bat eraikitzea, onen eta gaiztoen, garaileen eta garaituen kontakizun bat". Alderdiei eta hedabideei eskatu die kontakizun hori ez onartzeko: "Kontakizun horri kobertura edo oxigenoa emateak ondorio hauek dakartza; Espainiako Estatuak eta PPk bere gerra estrategiarekin aurrera jarraitu ahal izatea".

Sare: "[Madrilek] mina betikotzearen alde egin du"

Sare plataformak ere kritikatu ditu atxiloketak, iritzita Espainiako Gobernuak "errepresioa mantentzearen aldeko jarrera" duela: "Urteetako sufrimendua eta mina amaitzeko pausoak eman beharrean, hura luzatu eta betikotzearen alde egin du". ETAren eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren "urratsei muzin egitea" egotzi dio Madrili, horrela "milaka eta milaka herritarrek behin eta berriro eskatutako konponbiderako ateak ixten" dituelakoan eta "beldurraren eta errepresioaren mamua bizirik mantentzen" duelakoan.

Plataformak nabarmendu duenez, "euskal presoen eskubideen alde lanean ari diren herritarren aurka" eginiko operazioa da: "Bere burua demokratikotzat jotzen duen estatu batek ezin du halakorik ahalbidetu". Sarek dei egin nahi die herritarrei eta euskal instituzio, alderdi, sindikatu eta eragileei, "giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde urrats bat aurrera egitera".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.