Sortu legeztatzearen aurka agertu ziren PSE, PP eta UPD atzo, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Hiru alderdiek bat egin zuten legeztatzea eskatzen zuen proposamenaren aurka, eta, beraz, ekimenak ez zuen aurrera egin. EAJren ekimenez eztabaidatu zuten legeztatzearen aldeko proposamena, eta, jeltzaleen botoak ez ezik, Aralarren, EAren eta EBren babesa ere jaso zuen mozioak. Baina proposamenak ez zuen lortu onartua izateko boto nahikoa, eta bertan behera geratu zen.
Jeltzaleek aurkeztutako legez besteko proposamenean, Eusko Jaurlaritzari eta, bereziki, Patxi Lopez lehendakariari eskatu zieten Sortuk alderdien erregistroan izena ematearen aldeko jarrera ager zezatela, «haren parte hartze politikoa gainerako alderdiek dituzten baldintza berberetan berma dadin». Horrez gain, estatuko botereei eskatzen zien «aniztasun eta partaidetza politikorako printzipio demokratikoen argitan» ez dezatela galaraz Sortu alderdiaren izen-ematea.
Jose Antonio Pastor PSEko eledunak EAJren proposamenaren aurka bozkatzeko arrazoiak zerrendatu zituen, hitza hartu orduko. «Jeltzaleen ekimena ez da serioa, ez da arduratsua eta ez dator bat zuzenbide estatuaren irizpideekin». Pastorren ustez, ezker abertzalearen botoak eskuratzeko asmoz egindako «antzezpena» da jeltzaleen proposamena, haiek abertzaletasunean duten «hegemonia» galtzeko beldur direlako.
PSEko legebiltzarkidearen esanetan, errespetua zor zaio botere banaketari, baina EAJren proposamenak «justiziaren independentzia hautsi» egiten du. Haren iritziz, Auzitegi Gorenaren epaia justiziaren «funtzionamendu onaren» adierazle da, legearen aplikazioaren inguruan interpretazio desberdinak izan dituztelako epaileek. Pastorrek aitortuegin zuen, hala ere,Sortu legez kanpo utzi duen Gorenaren sententziatik baino, boto partikularretik hurbilago daudela PSEkoak. «Bederatzi epailek modu batera pentsatzen dute, etabeste zazpik —seguru asko horien irizpideetatik gertuago gaude gu—, beste gauza bat. Utz diezaiegun lan egiten», adierazi zuen.
PPko Leopoldo Barredak jeltzaleen jarrera kritikatu zuen, Sortu legeztatzea eskatzeko larunbatean egindako manifestaziora ez joatea erabaki arren, Legebiltzarrean haren aldeko ekimenak «biderkatu» dituztelako azkenaldian. «Kanpaina dohainik egin diezue», adierazi zien jeltzaleei. Areago, esan zuen beti nahi izan duela EAJk «ETA-Batasuna» hauteskundeetan egotea, eta azken hamarkadan ETA garaitzeko abian jarri diren ekimen ororen aurka egon direla jeltzaleak.
«Iraganeko tresna»
Ekimenaren defentsa egiteko orduan, Joseba Egibar jeltzaleak adierazi zuen aurkeztutako proposamenak «elkarbizitza» hobetzeko balio zezakeela. Azpimarratu zuenez, Eusko Legebiltzarrakaukera zuen parte hartze politikoari dagokion eskubidea babesteko, eta «aniztasun politikoaren errespetutik» elkarbizitzari aukera berri bat emateko. Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenari zazpi epailek jarritako boto partikularra hizpide hartu zuen Egibarrek «ilegalizazio prebentiborik» ezin dela ezarri esateko: «Ez da posible, ez da zuzena aldez aurretiko badaezpadako ilegalizaziorik, eta erabat normal eman beharko luke izena Sortuk alderdi politikoen erregistroan».
Alderdi sozialistak legeztatzearen inguruan hartutako jarrera gogor kritikatu zuen Egibarrek. Alderdien Legea «iraganeko tresna» dela etaetorkizuna eraikitzeko ez duela balio ohartarazi zien. Haren irudiko, denborak erakutsiko du Sortu legezkoa izango dela,eta, nola edo hala, hautesleek «formulak» aurkituko dituzte udal eta foru hauteskundeetan egoteko.
Aintzane Ezenarrok gogorarazi zuen Aralar beti egon dela Alderdien Legearen aurka: «Kontraesan bat iruditu zaigu beti, politika egiteko eskatu zaien horiei politikaren ateak ixtea». Ezenarroren iritziz, Gorenak Sorturen inguruan kaleratutako ebazpenak «bultzada politikoa» du, etaEuropan eta Espainian dagoen jurisprudentziak argi adieraztendu ezin dela alderdi bat ilegalizatu ez bada modu «objektiboan» erakusten indarkeriarekin lotura zuzena duela: «Eta hori ez da demostratu ebazpen honetan».
Juanjo Agirrezabala EAko parlamentarioak ohartarazi zuen Sortu legez kanpo uzteak normalizazio prozesua atzeratu egingo duela, baina ez duela saihestuko «bururaino» eramatea. Gorenaren epaiak ez dio, haren iritziz, demokraziari mesederik egiten, frogetan baino, aurreiritzietan oinarrituta dagoelako. EAkoak argi du Sortuk ETA «bere amaierara» eramango duela, eta haren legeztapenak bakea ekarriko duela.
Bide beretik jo zuen Mikel Arana EBko legebiltzarkideak ere: «Sortu legeztatuta ETAren bakartze sozial eta politikoa ekarriko luke, eta, horrenbestez, behin betiko bakea ere bai».
UPDren irudiko, berriz, Sortuk legezkoa izan nahi badu, «ETAren historia eta ibilbide osoa» salatu beharra dauka. EAJren proposamenaren aurka bozkatu ez ezik, osoko zuzenketa bat aurkeztu zion UPDk ekimen horri, baina PPren babesa baino ez zuen izan, eta ez zen aurrera atera.
Sortu legeztatzearen aurka bozkatu dute PSEk eta PPk Legebiltzarrean
Aralar, EA eta EBren babesa jaso du EAJk aurkeztutako ekimenak, baina, PSE, PP eta UPDren botoei esker, ez du aurrera eginPastorrek dio Gorenaren ebazpenetik baino, boto partikularretik gertuago dagoela PSE
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu