Sortu legeztatzeko exijitu dio gehiengo sindikalak estatuari

ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek normalkuntza politikorako pausoen beharra azpimarratu duteLegeztapenaren inguruko eztabaida «faltsua eta antidemokratikoa» dela uste dute

Etxaide, Muñoz, Arrondo eta Ugarte, Bilbon atzo eginiko agerraldian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Euskal gehiengo sindikala osatzen duten ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek Sorturen legeztatzea exijitu dute. Alderdi eratu berriaren estatutuek «salbuespenezko» espainiar legedia bete egiten duela esan dute, eta salatu dute horren inguruko «eztabaida faltsuekin» PSOE eta PP «interes politiko ilunak» ezkutatzen ari direla. Izan ere, sindikatuen iritziz, Sortuk erregistratzeko eskaria egin zuenetik piztu den eztabaida «faltsua eta antidemokratikoa» da.

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren arabera, «interes politikoez ari dira» PSOE eta PPren buruzagiak. Interes horiek pertsonen eskubideen gainetik jarri dituztela esan du, eta normalkuntza politikorako bidean oztopoa besterik ez direla nabarmendu du.

Sortuk legea betetzeko prestutasuna erakutsi duela adierazi du, halaber, LABeko idazkari nagusiak. «Argi dago legea betetzea ez dela nahikoa, sektore politiko eta sozial oso bat zigortzeko sortu baitzuten». Etxaideren hitzetan, oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, Alderdien Legeak asko kaltetu du Euskal Herriko bizitza politikoa: «Momentu honetan instituzioek ez dute islatzen herritarren benetako borondatea», esan du.

Sindikatuen iritziz, Alderdien Legeak «egoera antidemokratikoa» sortu du. Estitxu Ugarte Hiruko idazkari nagusiak esan du gainontzeko indarrek daukaten «gehiegizko ordezkaritzak» herriak adierazitako borondatea desitxuratu egiten duela; Sorturen ilegalizazioak egoera mantentzeko helburua besterik ez duela uste du.

Ugartek azaldu du Sortu legeztatzea Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren exijentzia baino gehiago dela. «Adierazpide politikorik gabe dagoen euskal gizartearen sektorearekiko eskubide eta betebehar demokratikoa da». Normalizaziorako bidean joera politiko guztiek hauteskundeetan berdintasun baldintzetan parte hartu beharko luketela gaineratu du.

Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, berriz, sindikatuek eskubide zibil eta politikoen alde duten konpromisoa berretsi du.Alderdikerien gainetik, justizia eta normalizazio politikoa exijitzen dutela esan du. «Horretarako, ilegalizatutako ezker abertzalea berehala itzuli behar da bizitza politiko eta instituzionalera».

Justizia eta politikariei deia

Zuzenbide estatu batean legea bete egin behar dela esan du Muñozek, baina salatu du Espainiako agintarien araberakoa dela legea betetzea edo ez. «Agintariek botere guztiak erabiltzen dituzte euren posizioa hobetzeko. Espainiako Gobernuko presidenteak esan du ETA existitzen den artean legeztapenik ez dela izango, eta Justizia ministroak legea betetzea ez dela nahikoa eskubide batez gozatzeko», salatu du Muñozek. Bere iritziz, oso kezkagarriak dira hitz horiek. «Horrek ez du inolako zerikusirik zuzenbide estatuarekin, errepublika bananero itxura hartzen diot nik».

Horrela, Espainiako agintariei deia egin die. Gobernuari, oztoporik jar ez dezan exijitu dio. «Adimen politikoa izan ezik, azken egunotan denetarik entzun dugu Justizia ministroaren ahotan». Eskuma mediatikoak irabaziz gero, Espainian ez dela inoiz normalizazio politikorik lortuko ohartarazi du, halaber, Muñozek. Eta ordura arte, sindikatuek eskubide guztien alde borrokan jarraituko dutela gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.