Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak dio gatazkaren ondorioez proposamena EAJri idatziz egin ziotela, jeltzaleek hala eskatuta, baina erantzuna hedabideen bidez jaso dutela. "Ez da serioa", esan du Barrenak. EAJk baztertu egin du Sorturen eskaintza, atzo Andoni Ortuzar EBBko buruak berri agentzia bati iragarri zionez, baina ezker abertzaleko alderdiak eskatu dio berari ere idatziz igortzeko dokumentua, "ados zertan ez dagoen esanda".
Barrenaren arabera, Sorturen dokumentua "ausarta" da, eta eduki "berritzaileak" ditu. Ortuzarrek jakinarazi bezala, armagabetzea eta desmilitarizazioa, espetxe politika, eta egia, justizia eta memoria dira idatziko hiru ardatzak —orain dela bi aste igorri zion—, eta Sortuk "ekimen politiko partekaturako proposamenak" ere egin zizkion EAJri, Barrenak gaur Donostian emandako prentsaurreko batean adierazi duenez. "Guk oinarrizko dokumentu bat prestatu genuen, ahalegin berezi bat eginda eta ados jartzeko borondatearekin".
Sortuk EAJrekin gatazkaren ondorioez hitz egiten jarraitzeko prestasuna agertu du. "Guk mahaian eserita jarraitzen dugu".
Halaber, Barrenak jakinarazi du egun hauetan Brian Currin bitartekariarekin bildu direla. Gaur hedabide talde batek zabaldu hark esan ote duen Sortu ez dela aurrerapausoak ematen ari. "Currinek guri ez digu horrelakorik esan", esan du Barrenak.