Autodeterminazioa ez da delitua, Euskal Herria eta Katalunia elkarrekin bat lelopean, Sortuk elkarretaratzeak egin ditu arratsaldean Donostian, Bilbon eta Gasteizen, urriaren 1eko erreferendumaren urteurrenean Kataluniako herriari "elkartasuna" adierazteko. Haimar Altuna Sorturen Gipuzkoako arduradun politikoak nabarmendu du Kataluniarekin "aliantzak artikulatzeko premia" dagoela, "maila eta plano guztietan, hemen ere burujabetza prozesua azkartu ahal izateko".
“Une honetan, Kataluniako prozesuaren aurkako epaiaren atarian gaudela, atxiloketa, espetxeratze eta muntaia polizial guztien aurrean, inoiz baino gehiago, bi herriok indarrak batzeko garaia da", adierazi du Altunak: "Argi eta ozen diogu: autodeterminazioa ez da delitua. Autodeterminazioaren defentsa inoiz baino ozenago egiteko garaia da”.
Altunaren esanetan, “Katalunian eta Euskal Herrian askatasun egarria sakoneko korrontea da. Olatu bat pasatuko da beharbada, baina gehiago ere eragingo ditugu, korronte geldiezina delako. Aukera berriak datoz Europatik. Ziurgabetasun garaiak dira, eta edozer gerta daiteke". Beraz, uste du "olatu berrietarako baldintzak sortu eta prest egoteko" unea dela: "Aurrean dugun estatu zapaltzailearen aurrean, indarrak batzeko garaia da, Euskal Herriak eta Kataluniak elkarrekin ekiteko unea, horrek egingo gaituelako indartsu”.
Goizean, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak deitoratu egin du Kataluniako auzian EAJk daukan jarrera: "Gehiegitan izan dugun sentsazioa da EAJ hurbilago izan dela Madrildik, Espainiako Estatutik, Kataluniatik baino".