Euskal estatua lortzeko Euskal Bidea deritzona jarraitu behar dela berretsi du Sortuk, eta ez du uste bide horretan Espainiako Estatuarekin ezer lor daitekeenik. "Madrili begiratzeari uzteko garaia da. Ez dago Espainiako Estatuarekin aldebiko akordiorik egiterik", esan du Hasier Arraiz Sorturen Kontseilu Nagusiko presidenteak Donostian, ezker abertzaleko alderdiak Aberri Egunerako plazaratu duen adierazpenean.
Erresuma Batua Eskoziarekin modu "zibiko" batean jokatzen ari dela adierazi du Arraizek, independentzia galdeketa adostu dutela medio, eta salatu du Espainiako Estatuak Kataluniarekin guztiz kontrara ari dela. Ondorioz, Sortuko presidentearen arabera, "itxaropen faltsua" izatea da estatuarekin akordioak egin daitezkeela pentsatzea, "eta hori elikatzeak etsipena eragin dezake".
[Youtube]http://youtu.be/cvvUD2JPoo4[/Youtube]
Euskal Herriaren independentzia lortzeko indarrak batzeko aldarrikapena egin du, eta, Aberri Egunera begira, Larresoroko larunbateko eta Iruñeko igandeko ekitaldietara joatera dei egin du. Bide batez, "txalotu" egin du aurreko igandean Etxarri Aranatzen "herri mugimenduak" independentzia galdeketa antolatu izana.
Arraizekin batera, Pernando Barrena, Idoia Aiastui, Amaia Izko eta Rufi Etxeberria egon dira, alderdiaren egoitzako prentsaurrekoan.