Parte hartze politikoa auzitan

Sortuk jarritako baliogabetze intzidentea atzera bota du Gorenak

Konstituzionalean, orain, babes helegitea jar dezake, baina Joaquin Gimenez epaileak dio ez dela iritsiko bozetara

Erredakzioa
2011ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko salako epaile guztiak oraingoan ados jarri dira, eta aho batez erabaki dute Sortuk aurkeztutako baliogabetze intzidentea atzera botatzea. Behin erabaki hori hartuta, Sorturen abokatuek Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea aurkezteko aukera izango dute.

Auzitegi Goreneko areto horretako bederatzi epaile Sortu legez kanporatzearen alde azaldu ziren, baina zazpi epailek alderdia legeztatzearen aldeko boto partikularra azaldu zuten. Horren ondotik, Sortuk baliogabetze intzidentea aurkeztu zuen, Gorenaren epaia «alderdi politikoak sortzekoeskubidearen aurka» doala arrazoituta. 2007ko lege erreformaz geroztik, baliogabetze helegitea Auzitegi Konstituzionalera jo aurreko ezinbesteko urratsa da.

Atzo, bi ordu iraun zuen bilera batean, Sorturen argudioak aztertu eta 61eko salako epaileek ebatzi zuten helegitea ez onartzea, autoan jada jorratutako gaiak direlako.

Atzo, Joaquin Gimenez Auzitegi Goreneko bigarren aretoko epailea Bilbon izan zen, hitzaldia ematen, eta Sorturen inguruan bere iritzia eman zuen. Boto partikularra eman duten zazpi epaileengandik «gertuago» dagoela onartu zuen, adibidez. Era berean,Sortuk Auzitegi Konstituzionalera joz gero «ziurrenik» ebazpena hauteskundeen ondoren etorriko dela iritzi dio: «Epe kontua da», arrazoitu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.