Gatazkaren konponbidearen bidea modu eraginkorragoan urratzeko asmoz, Sortuk euskal presoei eskatu die legedi aldetik “urrats berriak” egiteko. “Ausardiaz jokatzeko garaia da. Euskal presoen kolektiboak eremu juridikoan ere ausart jokatzeko urratsa egin beharko luke, egin beharreko ibilbidea ekimena hartuz eginez, betiere damuaren eta salaketaren marrak alboratuz”. Rufi Etxeberria Sortuko Gatazkaren Konponbidearen arduradunak egin ditu adierazpenok (prestatu duen hitzaldia, osorik), Iruñean, Askatasunaren bidean, presoak etxera izenpeko hitzaldian, gaur arratsaldean. Nafarroako Sortuk antolatu du saioa, Kondestablearen jauregian, eta Josu Beaumontekin batera aritu da hura. Aretoa bete dute ehun lagun pasak.
2010ean Zutik Euskal Herria adierazpenarekin marraztutako hiru faseen “aplikazio politikoan” ez dute “asmatu”, Etxeberriak aitortu duenez, eta “berregokitzea” egitea dagokie. Hain zuzen, gatazkaren ondorioak konpontzea, lurralde batasuna eta independentzia “irabazteko” faseak zehaztu zituzten, baina “lehen egitekotzat” jarriz gatazkaren ondorioak konpontzea. Sortuk onartu du estatuek –Espainiakoaren kasuan, 2011ko konpromisoak ez betetzeaz aparte–, lortu dutela prozesua “kateatzea" –Hego Euskal Herrian, “bereziki”–, “proiektu politikoen arteko baldintza bereko lehia demokratikoa ahalbidetuko lukeen esparrurik nahi ez duelako”.
Etxeberriak esan du “aurreko eskemak” utzi beharko dituztela, aurrera egin nahi badute. “Ezin gara aldebikotasunaren zain egon. Presoen kaleratzea mahai baten bueltako akordioaren bidez etorriko ez denez, legediaren garapenaren bidez etorri beharko du, eta jokaleku horretarako prestatu beharra dago”.
Presoak, “estrategia independentistaren parte”
Orain arteko “urrats juridikoek” ez dute fruiturik eman, “garrantzitsuak” izanagatik. Adibidez, EPPK-k 2013an emandako pausoa aipatu du. Sortuko arduradunak iritzi dio presoen kolektiboak “behar-beharrezko ariketa politikoa” duela “gogoeta egitea eta pauso berriak ematea”, baina hemendik aurrera “estrategia independentistaren parte izan behar du, irtenbideen bidea lagunduz eta ekarpen politikoa eginez”, “espetxe frontearen ikur” izateari utziz.
Auzi honetan ere gizartearen lana ezinbestekotzat jo du, eta Jaurlaritzari “dei berezia” egin dio giza eskubideen alde aritzera. “Ezker abertzalea lagun izango du”.
ETAren armagabetzeaz ez du gauza berririk iragarri Etxeberriak. EH Bilduren Bakerako Euskal Bideko ardatzak gogoratu ditu –iazko apirilean aurkeztu zuten–. ETAren armategien deuseztatzea “arrazoiko epe batean bururaino eramatea” nahi dute.