Hasier Arraiz Sorturen Kontseilu Nazionaleko presidentea adierazpen batzuengatik jarri izan dute auzibidean. Iaz izan zen, Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko zuzendaritzakide ohiei 2013ko azaroan egindako omenaldian esandakoengatik. Joan den urriaren bukaeran absolbitu egin zuen EAEko Auzitegi Nagusiak.
"Orain dela 35 urte ezker abertzaleak hautu bat egin zuen, bete-betean asmatu zuena gaurtik begiratuta; ez genuen parte hartu izaera demokratikorik ez zeukan joko batean. [...] Garesti ordaindu dugu hori guztia, gainera, eta ez gaude prest ez berrikusi, ez errefusatzeko, eta gure akats guztiekin izan ginena eta garena aldarrikatzen dugu. [...] Gatazka honetan inor ez da begirale gisa aritu, mundu guztiak hartu du parte, denok eragin dugu sufrimendua eta denok sufritu egin dugu. Guk ez daukagu inongo arazorik erantzukizunak gure egiteko; beti egin dugu hori", esan zuen Arraizek 2013ko omenaldian.
Dignidad y Justicia taldeak haren aurkako salaketa jarri zuen, ETA goratu zuelakoan, eta EAEko Auzitegi Nagusiak, Juan Kalparsoro fiskalburuaren iritziaren kontra, erabaki zuen deklaratzera deitzea. Arraiz iazko apirilean joan zen auzitegira horretara, eta hil berean instrukzio epaileak salaketa artxibatu egin zuen. Dignidad y Justiciak helegitea aurkeztu zuen, eta Sortuko buruak berriro joan behar izan zuen epaitegira, irailean. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen ez zuela "terrorismorik" goratu, eta absolbitu egin zuen. Epategiaren arabera, ezker abertzaleak Espainiako 1978ko konstituzioari duela 35 urte emandako ezetzari buruz ari zela Arraiz eta ez ETAri buruz.