Sortuko zenbait kide bi etxejabe handiren Donostiako bi etxebizitzatan daude

Egungo etxebizitza eredua salatzea eta konponbideak eskatzea dute helburu.

Sortu
Sortuko kideen protesta, gaur, Donostian. SORTU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko otsailaren 5a
10:35
Entzun

Euskal Herrian «etxebizitza larrialdia» dago, Sorturen irudiko, eta hori «salatzeko eta ikusarazteko» ekintza bat egiten ari dira: zenbait kide bi etxejabe handik Donostian dituzten bi etxetan daude asteburutik.

Ohar baten bidez azaldu dutenez, erreserbak egin zituzten astebururako, baina bertan geratuko dira epea amaituta ere: «Gure helburua ez da etxebizitza hauetan luzaz geratzea. Egoera salatzeko geratu gara hemen».

Hain zuzen, Sorturen hitzetan, etxebizitza eskubide bat da berez, eta Hego Euskal Herrian eskubide subjektibo gisa aitortuta dago. Ordea, «espekulaziorako eta negoziorako erabiltzen dute putre funtsek, higiezinen agentziek eta banketxeek». Alegia, salatu dutenez, zenbaitentzat negoziorako bide denak zailtasunak sortzen dizkie herritarrei: «Hemen, gutxi batzuk negozioa egiten ari dira. Donostian herritarrak etxebizitza ordaintzeko zailtasunak izaten ari diren bitartean, putre funtsak eta higiezinen agentziak luxuzko etxebizitzak eta hotelak eraikitzen ari dira». Sorturen irudiko, hori ez da ausazkoa, erabaki politiko batzuen ondorioa baizik: «Legeek ahalbidetzen dituzten tresnak erabili beharrean, ez esku hartzeko jarrera aktiboa izan dute».

Konponbide eske

Hori ikusita, Sortuk «urgentziazko neurriak» galdegin ditu —besteak beste, merkatuan esku hartzea—, baita «epe luzeko alternatibez» eztabaidatzea eta haiek diseinatzen hastea ere. Eskaera horiek ikusarazi nahi dituzte bi etxejabe handiren Donostia erdialdeko eta Gros auzoko bi etxetan sartuta. Etxe horietako baten eraikina putre funts batek dauka hartuta; bestea dagoen eraikinean, berriz, luxuzko apartamentu turistikoak daude. «Batean zein bestean, legeak ahalbidetutako jukutriak erabili dituzte herritarren eskubideak eraisteko eta negozioa egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.