Sorturen sorrera

Sorturen auzian «eskuak garbitu» nahian ari da gobernua, Urizarren ustez

EAk «apustu argia» egiten du indar subiranistak biltzearen alde, Pello Urizarren esanetan

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko otsailaren 11
00:00
Entzun
EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek susmoa dauka Espainiako Gobernuak «eskuak garbitu» nahi dituela Sortu alderdia legeztatzearen auzian eta epaileen esku utzi nahi duela azken erabakia. Alderdia aurkeztu denetik egindako adierazpenei erreparatuta, EAko buruak uste du Zapateroren gobernuak Auzitegi Gorenera eraman nahi duela gaia. Urizarrek «iraganeko eskemetan» ikusten du PSOE, «urrats bat egiten duen bakoitzean PPri begira dagoelako». Sortu legezkoa izatea nahiko luke EAk, baina horri buruzko azken erabakia epaileek hartzea kezkagarria da harentzat: «Espainiako epaitegietatik ezin dugu askorik espero».

Info Zazpi irratian egin dioten elkarrizketan egin ditu adierazpenok EAko idazkari nagusiak. Abertzaleen arteko elkarlanaren alde ere mintzatu da. Adierazi duenez, indar subiranistak biltzearen aldeko «apustu argia» egiten du EAk. Hor kokatu ditu ezker abertzalearekin sinatutako akordio estrategikoa eta ezker abertzalearekin eta Alternatibarekin egindakoa. Azaldu duenez, bi akordio horietan zehaztutako helburuak gauzatzeko konpromisoa du EAk, baina ez du zehaztu zein formula erabiliko duten: «Ikusiko dugu», esan du.

Nafarroa Bairen inguruan ere hitz egin du. Azken gertaerak ikusirik, Urizarrek uste du Aralar eta EAJ «ahal duten guztia» egiten ari direla koalizioaren «kontrola» izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.