Sorturen legeztatzea errazteko eskatu dio Lokarrik Espainiako Gobernuari

Herritar sarearen arabera, elkarrizketa prozesua sustatu behar du Lopezek indar politiko guztiekin

Lokarriko Manu Vilabrille eta Aitziber Blanco, herritar batekin hitz egiten, atzo. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Lokarrik Espainiako hurrengo gobernuari eskatu dio konponbide prozesuan «urrats positiboak» egiteko eta, besteak beste, Sorturen legeztatze prozesuan «trabak ez» jartzeko —Auzitegi Konstituzionalaren esku dago—. Eusko Jaurlaritzari ere igorri dio mezua, eta indar politiko guztiak bilduko dituen «elkarrizketa eta akordio prozesu baten lidergoa» har dezala eskatu dio. «Lopez lehendakariak bere plangintza zehaztu behar du, eta instituzioetatik ahaleginak biltzen saiatu behar du».

Donostian eginiko agerraldi batean egin ditu «gomendio» horiek Lokarrik. Herritar sarearenarabera, ETAren erabakiaren ondoren, Eusko Jaurlaritzari, Espainiako Gobernuari eta Frantziakoari dagokie urratsak egitea, eta Aieteko nazioarteko konferentzian zehaztutako bidea aintzat hartzeko eskatu die. «Adierazpen eraikitzaile eta desblokeatzaile honek alderdi politiko guztiek egiteko moduko bide bat deskribatzen du. Aintzat hartuz gero, bake prozesuan aurrera egiteko lagundu dezake».

Luze gabe eman beharreko pausoen artean, berriz, hiru nabarmendu ditu herritar sareak: ETA eta gobernuen artean elkarrizketak izatea, euskal presoekin lotutako gaiak konpontzea eta eragindako zaurien eta biktimen inguruko akordioak sustatzea.

Eskaera horiekin batera, Bake Prozesuaren Behatoki Sozialak egindako hamabigarren txostenaren ondorioak aurkeztu ditu Lokarrik. 1.170 pertsonak parte hartu dute bake prozesuaren pertzepzioa aztertzeko egindako galdeketan. Emaitzen arabera, 7,76koa da gaurko egoerari ematen dioten batez besteko nota. Galdekatutako hamar pertsonatatik bederatzik ontzat jo dute bake prozesuaren egoera, eta, %80ren ustez, egungo agertokian betetzen dira beste bake prozesu bat abian jartzeko baldintzak. Udan eginiko galdeketarekin konparatuta, baikortasunakgora egin duela adierazi du Lokarrik.

Herritarrak, «itxaropentsu»

Herritar sareak ondorioztatu duenez, euskal herritarrek pentsatzen dute ETAren alde bakarreko adierazpena behin betikoa dela eta hiru berme dituela: nazioarteak indarkeriarik gabeko jokalekuari emandako babesa —«Aieteko nazioarteko konferentzian agerian gelditu zen bezala»—, euskal gizarteak indarkeria erabiltzeari agertu dion arbuioa eta legez kanpoko ezker abertzaleak bakebideen alde egindako apustua. «Eta zuhurrago daudenek ere aitortu dute amaieraren hasieran gaudela, inoiz bizi izan ez dugun garai batean gaudela eta bake prozesuak, zaila izan arren, itzulbiderik ez duela», nabaremendu du Lokarrik.

ETAren jardunaren amaierak eragindako sentipenaz ere galdetu du herritar sareak. Inkestan parte hartu duten herritarren %80 itxaropentsu azaldu da; %40 ilusioz, eta %15 zuhur. «Espainiako eta Frantziako gobernuen borondate falta azpimarratu dute askok, eta bake prozesuaren izaera konplexua», azaldu du herritar sareak.

Espainiako herritarren artean, berriz, bestelakoa da egungo egoerari buruz duten pertzepzioa. Espainiako Ikerketa Soziologikoen Zentroak atzo kaleratutako inkesta baten arabera, espainiarren %57,4k uste dute ETA ez dela betiko desagertuko, eta % 46,3k pentsatzen dute Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dutela erakunde armatuarekin hitz egin behar jarduera armatua betiko amaitu duela egiaztatuta ere. Hamarretik zortzi, berriz, presoei indultuak ematearen kontra daude, eta %42,4k ez dute nahi euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.