Hauteskundeetako emaitzei begira, Xabier Agirreri ez dio «kezka berezirik» eragiten Sortu bozetan egoteak edo ez egoteak. «Hauteskunde barruti guztietan aurkezten bada, izango du eragina, noski, baina garrantzitsuena da normalizazio politikoa lortzeko urrats garrantzitsua izan daitekeela legeztatzea». Arabako ahaldun nagusiarentzat (EAJ) maiatzeko foru eta udal hauteskundeak «erronka bat» izango dira alderdi jeltzalearentzat.
Azken agintaldiari buruzko balantzea egin du, eta, besteak beste, EAk eta Aralarrek gobernua utzi ostean sorturiko krisia, Miñao auzia eta EAJ gobernutik kanporatzeko PPk PSE-EEri eginiko presioak izan ditu gogoan. Halere, ziur da datozen hauteskundeetan EAJk «emaitza onak» lortuko dituela.
Bozei begira, halaber, Hamaikabatekin akordio bat egitearen alde azaldu da Agirre. Bi alderdien arteko negoziazioak hautsita badaude ere, H1eko kideak EAJren zerrendetan aurkeztuko diren «itxaropena» agertu du buruzagi jeltzaleak.
Olano eta polo subiranista
Gipuzkoako PSE-EEk ere egin du legegintzaldiari buruzko irakurketa. Markel Olanoren agintaldia «ahula» izan dela nabarmendu du, eta gogorarazi du haren botoei esker onartu direla azken hiru urteetako aurrekontuak. «Olanok ez du lidergorik, eta, horregatik, arduraz jokatu behar izan dugu; horrek izango du eraginik herritarren botoan», adierazi du Julio Astudillo Batzar Nagusietako eledunak. Astudilloren aburuz, alderdi jeltzaleak eta Olanok bereziki akordio bat egin nahi du «polo subiranistarekin». «Hori oso txarra izango litzateke Gipuzkoarentzat, datozen lau urteetarako eta datozen legegintzaldietarako. Lurraldeko proiektu handiek geldialdi garrantzitsua izango lukete».
Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko aldizkari ofizialetan maiatzaren 22ko foru hauteskundeetarako deia jaso zuten atzo. Espainiako aldizkari ofizialean, berriz,udal bozetarakoa.
Sorturen legeztatzearen alde azaldu da Agirre
Arabako ahaldun nagusiak dio «urrats garrantzitsua» izan daitekeela normalizazio politikoa lortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu