Sorturi buruz «ahalik eta arinena» erabakiko dute, baina ez dago datarik

Zaila izango da Gorenak 'Bateragune auziari' buruzko erabakia eman aurretik jakitea Sorturi buruzko epaia

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak «ahalik eta arinena» erabakiko du Sortu alderdia legezko izango den edo ez. Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak baino lehen, behintzat, erabakiko dute—2013ko udaberrian tokatzen dira, baina posible da aurreratzea—. Pascual Sala Konstituzionaleko presidenteak esan du hori, SER irratian egin dioten elkarrizketan. «Auzia aztertua izan da, eta deliberazioa aurki iritsiko da». Nolanahi ere, auzia aztertzeko egunik ez dago jarrita oraindik. Bi asterako aurreikuspenarekin jokatzen dute, eta datozen bi asteetako gai zerrendetan ez dago Sorturi buruzko punturik.

Beraz, Salak «ahalik eta arinena» erabakitzeko asmoaren berri eman arren, ez dirudi Sorturi buruz ezer jakingo denik Auzitegi Gorenak Bateraguneauziari buruzko erabakiaren berri eman aurretik. Izan ere, Gorenak hilaren 28an egingo du ahozko saioa Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Amaia Zabaletari espetxe zigorra jarri zien auziari buruz. Auzitegi Nazionalak jarritako zigorra berretsi edo ez erabaki beharko du, eta Sorturi buruzko erabakia aurretik egoteak baldintzatu dezake Bateragune auziko erabakia.

Sorturen legez kanporatzearen kontrako babes helegitea 2011ko maiatzetik dago Auzitegi Konstituzionalean. Auzitegi Gorenak Sortu legez kanpo uztea erabaki zuenean, Espainiako Konstituzioaren bi artikulu urratu zirela argudiatu zuen defentsak, zehazki, elkartzeko eskubidea jasotzen duena (22. artikulua) eta alderdi politiko bat sortzeko eskubidea jasotzen duena (6. artikulua) urratzen dituela dio.

Babes helegitean, Sortu legez kanporatzearen aurka agertu ziren Goreneko zazpi epaileren boto partikularra aipatu zuen Iñigo Iruin abokatuak, eta baita Bilduk hauteskundeetan parte hartu ahal izateko Konstituzionalak berak emandako epaia ere. Helegitea jarri zuenean, abokatuak azaldu zuen Sortu eta Bilduren auziak ez direla gauza bera, baina bietan antzekotasun asko daudela.Sortu Batasunaren «oinordeko» den edo ez erabaki beharko du Konstituzionalak, eta Bildu koalizioaren auzian ere gauza bera erabaki behar izan zuen.

Defentsaren arabera, Espainiako Auzitegi Gorenak Sortu legez kanporatzeko egindako frogaren balorazioak eta araudi eta jurisprudentziaren erabilerak ez dute behar bezala babesten alderdi politikoak sortzeko eskubidea.

Gainera, Sortu alderdiak jarduerarik ez duela egin kontuan hartuta, «Estatu konstituzionala bera arriskuan jartzen duen 'badaezpadako legez kanporatzea'» izan zela argudiatu du. Sortu legez kanpo uzteko froga zuzenik ez dagoela dio 176 orrialdetako helegiteak; froga zantzu gisa erabilitakoak okerrak direla, eta alderdiaren estatutuetan indarkeria arbuiatzeak suposatzen duen kontrazantzua ez dela kontuan hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.