Sortu alderdiaren auzitegietako ibilbideak bidea egiten jarraitzen du. Auzitegi Konstituzionalak hogei eguneko epea eman die aldeei helegiteak eta argudioak aurkez ditzaten. Abuztuko oporraldia tarteko, iraileko lehenbiziko astera arteko epea edukiko dute defentsak, Fiskaltzak eta Estatuaren Abokatuak, argudio horiek eman ditzaten.
Auzitegi Konstituzionalak udazkenean erabakiko du, ziurrenera, ezker abertzaleak otsailean aurkeztutako alderdi berria legezko egiten duen edo Auzitegi Gorenak hura legez kanporatzeko emandako epaia berresten duen. Ohiko erritmoak bizkortu egingo dituela espero da, litekeena delako Espainiako hauteskunde orokorrak ere heldu den martxoan egin beharrean udazken honetan egitea. Ezker abertzaleak parte har lezakeen hurrengo bozak lirateke, eta, beraz, ordurako Konstituzionalak epaia eman beharko luke.
Iñigo Iruin abokatuak iragan maiatzaren 18an aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea. Auzitegi Gorenaren epaia bertan behera utz dezala eskatu zion Konstituzionalari, biltzeko eskubidea urratu zitzaiolako, eta, zehazki, alderdi politikoak osatzeko eskubidea.
Babes helegitean, Sortu legez kanporatzearen aurka agertu ziren Goreneko zazpi epaileren boto partikularra aipatu du, eta baita Bilduk hauteskundeetan parte hartu ahal izateko Konstituzionalak berak emandako epaia ere.
Babes helegitea aurkeztu zuenean, Iruinek azaldu zuen helegiteak oinarri juridiko sendoa zuela, eta beste argudio batzuen artean Goreneko boto partikularra eta Bilduri buruzko Konstituzionalaren epaia direla oinarrietako bi. Abokatuak esplikatu zuenez, Sortu eta Bilduren auziak ez dira gauza bera, baina bietan antzekotasun asko eta oso garrantzitsuak daude, ezker abertzalearen alderdi berria eta maiatzaren 22ko hauteskundeetara aurkeztutako koalizioa Batasunaren «oinordeko» diren ebatzi behar zutelako.
Konstituzionalak ekainaren 27an onartu zuen tramiterako Sorturen babes helegitea. Hain zuzen ere, auzitegi horretako Bigarren Salak onartu zuen, Eugeni Gay epaileak zuzentzen duenak, eta hamar eguneko epea eman zien Fiskaltzari eta Estatuaren Abokatuari auzian pertsonatu zitezen, eta halaxe egin zuten, epearen barruan. Hamar egun horiek iragan ostiralean amaitu ziren, eta astelehen honetan, Konstituzionaletik aldeei iritsi zaie euren argudioak aurkezteko jakinarazpena.
'Bateragune auzia' gakoa
Sortu legeztatzeko prozesuan bi faktorek garrantzi berezia izango dute. Lehena, Konstituzionaleko epaile taldearen osaera da, hilero-hilero atzeratuz doan berritze prozesuak eragina izan dezakeelako azken epaian. Ekainaren 30ean berrituko zutela hitzeman zuten PSOEk eta PPk, baina hitza jan egin dute azkenean.
Bigarren faktoreak, dena den, eragin handiagoa izango du, eta hura Bateragune auziko epaia da, zein epai den eta noiz ematen den.
Jakina da epai horrek, kondenak edo absoluzioak eragin nabarmena izango duela, eta Fiskaltzak eta Estatuaren Abokatuak, kondena bada, edo defentsak, Espainiako Auzitegi Nazionalak auzipetuen absoluzioa erabakiko balu, erabiliko duten argudio nagusietakoa ere izango da.
Auzitegi Nazionalean ere epaia ahalik eta lasterren eman nahi dutela ematen du. Iragan ostegunean amaitu zen Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta ezker abertzaleko beste seiren aurkako epaiketa, eta Angela Murillo epaimahaiburua auzi horretako beste bi epaileekin batzartu zen astelehenean epaiketa ondoko lehen deliberazioak egiteko.
Abuztuko oporraldiaren aurretik, aste hau eta beste bi dituzte Auzitegi Nazionaleko epaileek; gainontzean, Auzitegi Konstituzionalak Sorturen auzian aldeei emandako epea bezala, irailera arte itxaron beharko da gutxienez. Euskal Herriko alderdi eta alor guztietako eragile gehienek, auzipetuek bezala, absoluzioa besterik ez dute aurreikusten Bateragune auzian. Auzitegi Nazionalak hori erabakiko balu, lehen seinalea berehalakoa izan daiteke: auzi horrengatik kartzelan behin-behinean dirauten lau auzipetuak kalera irtengo lirateke erabakia hartu bezain laster.
Sorturi buruzko erabakia uda ostean har dezake Konstituzionalak
'Bateragune auziak' eta Auzitegi Konstituzionalaren osaerak eragina izango dute legeztatze aferan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu