Ertzaintzak SOS Ostalaritzako bost kide atxilotu zituen atzo Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundian egiten ari ziren protesta batean. Ostalariek, ordea, agerraldi bat egin dute gaur goizean, eta salatu dute atxiloketa horiek «bidegabeak» izan zirela, protesta «modu sinbolikoan eta baketsuan» ari zirelako egiten. Hain justu, diputazioko ateetan kateatu ziren, Eusko Jaurlaritzak pandemian izan zuen kudeaketa «eskasa» salatzeko. Beraz, ostalariek jakinarazi dute abokatuekin ari direla hitz egiten, jasandako tratua salatzeko asmoz, «legalki» zer egin daitekeen aztertzeko.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari ere mezu bat helarazi diote, ostalariak ere «pertsonak» direla gogorarazteko asmoz: «Bizi dugun egoera gero eta larriagoa da, urtebete daramagu horrela, eta itota gaude; tabernen itxierak ikusten ditugu edonon, eta gero eta gehiago, baina denborak aurrera egin ahala, irtenbideen falta gero eta nabariagoa da».