Sostengu zabala jaso du Baionako manifestazioak

Hogei eragile baino gehiagok dute aterabide demokratikoaren alde bihar eginen den manifestaziora deitzen

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herriak bizi duen gatazkaren «konponbide politiko, demokratiko eta baketsu» baten alde engaiatzea exijituko zaio Frantziako Gobernuari, bihar Baionako karriketarik. Egunez egun, zabalduz eta osatuz joan da Euskal Herrian aterabide demokratikoa orain! lelopean eginen den manifestaziora deitzen dutenen zerrenda.

Hogei eragilez gora dira hitzorduarekin bat egin dutenak, eta sostengua abertzale eremutik haratago doa. Alderdi politikoei dagokienez, ABz, Batasunaz eta EAz gain, Euskal Herriko NPA alderdi antikapitalistak, Europe Ecologie Berdeak, Modem zentristak eta departamendu mailako Alderdi Sozialistak dute bat egin manifestazioarekin. Haatik, Alderdi Sozialistak manifestaziora deitzen badu ere, ez du bat egiten deiarekin. Hau da, nahiz prozesu demokratikoaren alde izan, bi puntuei buruz dituzte desadostasunak: euskal preso politikoei buruz eskatua dena «ez dela hain argi» dio Pierre Cheret PSren idazkariak, zehaztuz, gai hori «Frantziako Errepublikaren legedia errespetatuz» aitzina eraman behar dela. Bestetik, Josu Esparzaren aurkako euroagindua berehala gelditzearen eskaerarekin ez dira ados. Nahiz Aurore Martinen Espainiaratzea salatu, Esparzaren kasua «ezberdina» dela dio. Bihar presente egonen dira Kotte Ezenarro eta Marie-Christine Aragon kontseilari nagusi sozialistak. Hots, ezadostasun handiak sendi dira alderdian. Alderdi komunistak ere ez du bat egiten, «agiriaren puntu guztiekin ez dutelako bat egiten», Daniel Romestand hautetsi komunistak Euskal Herriko Kazeta-ri jakinarazi dioenez.

Sindikatuei dagokienez, LAB, CFDT, ELB, Solidaires, Baionako tren gidarien CGT eta Miarritzeko lurralde arloko CGTk ere bat egin dute deiarekin. Departamendu mailako CGT orokorrak ez du, haatik, bat egiten, deiak ez duelako haien sindikatuaren jardunari buruz «inolako aipamenik egiten».

Horiez gain, Euskal Herriko Giza Eskubideen Liga eta Giza Eskubideen aldeko Komitea, Cimade, Anai Artea, CAR/EKB, Etxerat, Askatasuna, Segi, Herriarekin, Euskaldun Gazteria eta Autonomia Eraikik ere dute agiria izenpetu. Adibidez, Christophe Desbrez Euskal Herriko Giza Eskubideen Ligako presidentea ere bertaratuko da, «prozesu demokratiko bat izanki, jendarte guztiari delako eraikitzea».

Frantziako Estatuaren «adierazpen hipokriten milaka froga adierazgarriak gara» erranez antolatu zuten presoen, iheslarien, deportatuen eta eraildako militanteen senide eta lagunek prentsaurrekoa azaroaren 23an.

Guztiek dute prozesu demokratikoaren beharra ikusten, «horrek duelako gatazkaren ondorioak gainditzea eta jatorriari erantzutea ahalbidetuko». Donostian urriaren 17an egin nazioarteko bake konferentzian eskatutakoari Frantziako eta Espainiako gobernuek baikorki erantzutea nahi dute antolatzaileek. Hau da, gatazkaren ondorioez aritzeko elkarrizketari lotzea.

Aitzina joateko urratsei begira, preso eriak askatzea, baldintzapean atera daitezkeenak libratzea, presoak Euskal Herriratzea eta haien baldintzen hobetzea eskatzen dute. Horrez gain, legez kanpo diren erakundeen legeztatzea, errepresioaren bukaera eta biktima guztien «adiskidetzea, aitorpena eta konpentsazioa eta asistentzia» dira bete beharreko baldintzetan.

Mugimendu baten sorrera

«Gatazkaren konponbide integral eta eztabaidatu bat martxan jarriko duen mugimendu baten sorrera» du xede aterabide demokratikoaren aldeko kolektiboak. Biharko hitzordua, «trabaz beterik izanen den ibilbide luze baten hastapena besterik ez da», kolektiboaren iritziz. Baina hala eta guztiz ere, «denekin eztabaidatuz» aitzinatzeko gogoa dutela argi utzi dute.

Ipar Euskal Herritik Bake Konferentzian egondako hainbat eragilek ere bat egiten dute nahi horrekin. Batasuneko Anita Lopepe, ABko Jakes Bortairuk eta Alderdi Sozialistako Kotte Ezenarrok. «Poliki-poliki, ikusi beharko dugu nazioarteko babes taldearekin nola kolaboratzen ahal dugun, talde hori delako motorra gaur egun eta lekukoaren hartzea ez dugulako oraindik egin», Ezenarroren hitzetan.

Bihar arratsaldean, 16:00etan abiatuko da manifestazioa Baionako Euskaldunen plazatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.