Nahiz eta hauteslegoa zazpi urteko epean alda daitekeen, ezin da asmatu aldaketa horrek eraginik ukanen duen ala ez, eta, baldin badu, zer norabidetara izanen den. Aldi honetan Poulouk parean duena Hendaiako auzapeza da, Kotte Ezenarro.
Tradizioz, Hendaian ezkerraren alde bozkatu izan da. Ziburun ere ezkerrak udal hauteskundeak irabazteko aukerak baditu. Sarkozyren kontrako haserreak nonbait eraginik ukan badezake, hori Hendaiako kantonamendua da. Lehen ere Raphael Lassallette Hendaiako auzapez ohiaren (PS) esku egon izana da Hendaiako kantonamendua zenbait urtez.
Pixka bat zailxeago baina inoiz baino hurbilago ikusten dute Angeluko sozialistek kantonamendu hauteskundeak irabazteko aukera. Angelu Hegoaldeko hauteskundeen emaitzak ere oso justu izan ziren bigarren itzulian, 2001ean. Beñat Gimenezek bozen %51,87 lortu zituen. Aurten oraino ahulago ageri dela erraten da. Angeluko zinegotzia zen Robert Villenaveren taldean, eta zalaparta handia eraginez, haserretu eta kargua utzi zuen. Modem-eko kide honek bere alderdikideen kritikak jaso zituen.
ESKUINAREN ZATIKETA ANGELUN. Orain, berriz lortu du alderdiaren eta UMPren babesa. Orduko haserreak «ezabatu» dituzte. Horren lekuko, Beñat Gimenezen aurkezpen prentsaurrekoan izan ziren Jean-Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko lehendakaria eta Max Brisson Miarritzeko kontseilari nagusi eta UMPko arduraduna. Departamenduko asanbleako gehiengoarentzat ez zen egoera erosoa Angeluko egoera.
Alderdi sozialistak aulkia lortzeko aukera edukitzeaz gain, Angeluko eskuina erabat zatiturik agertu da azken hilabeteetan, eta horrek oraino zailtasun gehiago sortzen die hauteskunde hauek irabazteko.
Jean-Baptiste Mortalena ere aurkeztuko da kantonamendu hauteskunde horietara. Beñat Gimenezek ez zuen horren beharrik hauteskunde horietan, hori gabe ere nahiko zailak izanen baititu. Mortalena Robert Villenave auzapezarekin erabat haserretu da, eta Gimenezi boz batzuk ken diezazkioke, bigarren itzulian irabazteko behar lituzkeenak.
Guy Mondorge alderdi sozialistako hautagaiarentzat urrezko garaia da. Gimenez ez dela gehiago Villenaveren taldean eta Mortalena ere kanpo gelditu zela erran ondoan, hauxe erran du. «Angeluarrek aise ulertuko dute ez duela ezertarako balio horien alde bozkatzea».
Hauteskunde horiek Guy Mondorge sozialistak irabaziz gero, Angeluko bi kantonamenduak sozialisten esku lirateke. Jean Espilondo da beste kantonamenduko kontseilari nagusia. Biek jarrera berdintsua dute euskarari eta euskal nortasunari begira, hots biziki kritikoak dira. Sozialista horiek berek aukera handiak dituzte Angeluko udal hauteskundeak irabazteko ere. Baina dena justu izanen da.
PIL-PILean
Angelu HegoaldeaMaignon. Maignon auzoko bidegurutzean trafiko arazo handiak badira, Uztaritze aldetik datozen autoak eta autobidetik ateratzen direnak elkartzen baitira. Obra handiak egin nahi dituzte hor. Hautagai sozialistak proiektuak ez direla eraginkorrak izanen erran du, trafikoaren arazoa tokiz aldatzea baizik ez duelakoan lortuko.
Hendaia
A63. Autobidearen zabaltzeak nahiko kezka eragiten du Lapurdi kostaldean. Euskal Herria Bai-ko hautagaiak obra horien geldiaraztea galdetzen du. Horrez gain, tokiko biztanleentzat autobidea doan izan dadin eskatzen du.
HauTaGaIaK
Angelu hegoaldeaBernard Gimenez (Modem). Orain arteko kontseilari nagusia eta Angeluko zinegotzi ohia.
Anne-Marie Borda (PCF).
Christian Mendiburu (EH Bai).
Guy Mondorge (PS).
Battitt Mortalena (Ind.). Duela gutxi arte, Angeluko auzapezorde izan zen.
Hendaia
Daniel Poulou (UMP). Diputatu eta kontseilari nagusia. Urruñako auzapez ohia.
Iñaki Ibarloza (EAJ).
Pierre Batby (PCF).
Kotte Ezenarro (PS). Hendaiako auzapeza.
Beñat Elizondo (EH Bai).
Daniel Hegoburu (Berdeak).