Soziometroak berdinketa aurreikusi du EAJ eta EH Bilduren artean

Eusko Jaurlaritzaren inkestaren arabera, 29na eserleku eskuratuko dituzte EAJk eta EH Bilduk; PSE-EEk eta PPk euren eserlekuei eutsiko diete, 10i eta 6ri, hurrenez hurren, eta Sumarrek legebiltzarkide bakarra eskuratuko du.

EH Bilduko lehendakarigai Pello Otxandiano. JUAN HERRERO / EFE
EH Bilduko lehendakarigai Pello Otxandiano. JUAN HERRERO / EFE
xabier martin
2024ko martxoaren 27a
11:55
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 21ean izango dira, eta oraindik kanpaina osoa dago egun horretara heltzeko, baina, bozak gaur egingo balira, EAJk eta EH Bilduk ordezkari kopuru bera lortuko lukete: 29, hain zuzen. Hala, azken asteetako inkestek aurreikusitako ildo bereko emaitzak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzaren Soziometroak, eta berretsi du lehia estu-estua espero dela jeltzaleen eta bilkideen artean. Inkesta horren arabera, koalizio abertzaleak igoera nabarmena izango du (+8), eta jeltzaleek beherakada esanguratsu bat (-2).

Martxoaren 15etik 20ra egindako 3.030 telefono elkarrizketaren bidez osatu dute gaur ezagutzera emandako galdeketa, eta, haren arabera, PSE-EE izango da hirugarren indarra, egun dituen hamar legebiltzarkideei eutsita. Elkarrekin Podemos koalizioari dagokionez, beherakada nabarmena izango du, ordezkaritza osoa galduta.

Podemosek Sumarrekin konpartitzen duen esparru horretan dago inkesten arteko desberdintasun handiena. Ezker Anitza-IU eta Equorekin aurkeztu zen duela lau urte Elkarrekin Podemos, eta sei legebiltzarkide lortu zituen. Orain, berriz, Soziometroak dio Legebiltzarretik kanpo geratuko dela. Sumar koalizioak ere emaitza oso kaskarra aterako luke, baina ganberaren barruan kokatzen du inkestak, eserleku bakarrarekin.

PPk, berriz, sei eserleku eskuratuko lituzke berriro, eta laugarren indarra litzateke sozialisten atzetik. Soziometroak, gainera, Vox parlamenturik kanpo uzten du, eta, beraz, Amaia Martinezek ez luke lortuko egun daukan eserlekuari eustea.

Lurraldeka

Lurraldeka, beste berdinketa bat dago Araban, EH Bilduk eta EAJk bederatzina ordezkari eskuratuta; boto portzentajean, ordea, koalizio subiranista izango da garailea inkestaren arabera, botoen %31,6rekin; jeltzaleek %29,7an geratuko dira. Inkestak ez du aldaketarik aurreikusi PSE-EErentzat (4) eta PPrentzat (3).

Bizkaian, berriz, jeltzaleak nagusituko dira inkestaren arabera (12 eserleku, 2020an baino bat gutxiago), baina EH Bildu gertu dago EAJ nagusi den lurralde horretan ere, 3 eserleku irabazita, 9ra arte. Sozialistek lurraldean dituzten 3 legebiltzarkideei eutsiko bide diete, baita PPk bere 2ei ere. 

Gipuzkoan, EH Bilduk aurrea hartuko lioke EAJri, 11 legebiltzarkiderekin (+2). Jeltzaleek bat galduko lukete (9). PSE-EEk eta PPk emaitza bertsuak eskuratuko lituzkete, 3 eta 1 eserlekurekin. Eta Sumarrek Gipuzkoan lortuko luke Eusko Legebiltzarreko bere ordezkari bakarra (Andeka Larrea).

Hautagaien balorazioa 

Soziometroak lehendakarigaien inguruan ere galdetu du, eta, balorazioei dagokienez, Pello Otxandianok lortu du puntuaziorik onena, 5,3 puntu 0tik 10erako eskalan; ondoren, Imanol Pradales dator (4,9); eta, haren atzetik, Miren Gorrotxategi (4,8), Eneko Anduezak (4,2), Alba Garcia (4,0), Amaia Martínezek (3,0) eta, azkenik, Javier de Andres (2,8). 

Horrez gain, inkestak herritarrek politikan duten interesaren inguruko datuak ere eman ditu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %48k interes handia edo nahikoa dute apirilean egingo diren bozen inguruan; beste %51k interes gutxi du, edo batere ez.

Begikotasun politikoari dagokionez, EAJ da begikotasun handiena sortzen duen alderdia, Soziometroaren arabera, 0tik 10era bitarteko eskalan 4,8 punturekin. Ondoren, EH Bildu dago (4,3), PSE-EE (4,1), Elkarrekin Podemos eta Sumar (3,4 biek), PP (1,7) eta, azkenik, Vox (0,8).

Buruzagi politikoen ezagutza nahiko txikia da oraindik. Jaurlaritzaren galdeketak dio Imanol Pradales dela liderrik ezagunena (%44), eta haren atzetik daude Miren Gorrotxategi (%43), Eneko Andueza (%41), Pello Otxandiano (%36), Javier de Andres (%32), Amaia Martinez (%17) eta Alba Garcia (%14).

Nortasun nazionalari dagokionez, galdetuen %43 «euskal herritarra bakarrik» edo «euskal herritarra espainiarra baino gehiago» sentitzen dira; %40, berriz, «euskal herritarra zein espainiarra» sentitzen dira; eta galdetu zaienen artean %10ek soilik ikusten dute beren burua «espainiarra euskal herritarra baino gehiago» edo «soilik espainiarra».

Nortasun nazionalaren inguruko datuei jarraikiz, herritarrek independentziaz erantzundakoa jakinarazi du Soziometroak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %22 independentziaren alde daude; %33 alde edo kontra egoeraren arabera; eta %37 aurka.

Martxoko Soziometroaren emaitzak, bozen emaitzei dagokienez, berriki ezagutarazitako Eitb Focusek aurreikusitakoen antzekoak dira. Biek ala biek berdinketa iragarri dute EAJren eta EH Bilduren artean, eta antzeko banaketa lurraldeka. Bi inkesten arteko ezberdintasun handiena ezkerreko konfluentzien koalizioei emandako pisua da. SER eta El País hedabideentzat 40dB etxeak egindakoak ere berdinketa teknikoa iragarri du asteon EAJren eta EH Bilduren artean, 28na eserlekurekin.

«Tentsio falta»

Azken Soziometroaren berri izan ostean jeltzaleen iturriek adierazi dutenez, «abstentzioa mugiaraztea» da haien erronka. Iturri horien arabera, oraindik ez dago hauteskundeetako tentsiorik eta gizartea ez dago hauteskundeetan pentsatzen. Aitortu dute inkesta guztiek joera bertsua erakusten dutela, hau da, oso berdinduta izango direla bi indar abertzaleak, eta, horregatik, jeltzaleei botoa eman izan dietenei mintzatu zaizkie, «EAJk irabaziko duelakoan» etxean gera ez daitezen. Bi ereduren artean aukeratu beharko dela esan dute, beste behin: «Konfiantzarena, esperientziarena, ongizatearena eta bizi kalitatearena edo ziurgabetasunarena, promesena eta esperientziarik ezaren eredua».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.