Bi eserleku ditu Aeris Naviter enpresaren Spirit Tandem helikopteroak. Helikoptero arina da, 280 kilo inguru ditu, eta eserlekuak bata bestearen alboan egon beharrean, bata bestearen atzean jarri dituzte. Aisialdirako eta pilotu eskoletarako erabiltzen dituzte. Helikoptero arinen kategorian, lehenengo aerontzi zertifikatua da, 2012an Frantziako Abiazio Zibileko Zuzendaritza Orokorraren zertifikatua lortu ostean.
Villabonan (Gipuzkoa) ekoizten dute helikopteroa. Ekoizpenaren %65 egiten dute bertan, eta etorkizunari begira, Euskal Herrian bertan egin nahi dute ekoizpenaren %100, Aeris Naviter enpresako Aratz Arregik adierazi duenez.
Gipuzkoako Aldundiak %40 inguruko partaidetza du egitasmoan. Martin Garitano ahaldun nagusiak nabarmendu du ezagutza aeronautikoan "urrats garrantzitsuak" egiten ari direla Gipuzkoan; hala ere, uste du merkaturatzearekin ez dela bidea amaitu, produktuaren garapen teknologikoak "etengabeko hobekuntza eta berrikuntza" eskatzen dituelako.