HEZKUNTZA

Steilasek PAI «indargabetzeko eta dekretu berri bat negoziatzeko» eskatu du

Sindikatuaren arabera, Nafarroako ikastetxeetan «benetakoa den hizkuntza tratamendu integratu bat» behar da, PAI programa «gaizki diseinatuta» dagoelako. Irakasleengan duen eragina ere salatu dute.

Steilas sindikatuak eginiko protesta, Nafarroako Hezkuntza Departamenduaren aurrean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko martxoaren 24a
18:55
Entzun

Steilas sindikatuak PAI programa «indargabetzeko eta dekretu berri bat negoziatzeko» eskaria egin du gaur goizean Nafarroako Hezkuntza Departamenduaren aurrean. Haren arabera, lurraldeko eskoletan «benetakoa den hizkuntza tratamendu integratu bat» behar da, besteak beste, tokian tokiko hizkuntzetatik abiatuko dena, eta inolako «bazterkeriarik» gabekoa. Izan ere, uste du ez duela funtzionamendu egokia: «Gaizki diseinatuta dago, eta ez dago nahikoa baliabiderik aurrera eramateko».

Programa horrek, zehazki, egunean gutxienez bi klase ingelesez ematera behartzen du, eta lehen hezkuntzan natur edo gizarte zientzietan aplikatu behar da. Hala ere, sindikatuak salatu du ikastetxeetan ez dela berrikuspenik egin PAI programarekin jarraitu nahi duten jakiteko, eta, egin diren kasuetan, Hezkuntza departamentuak «ikastetxearen autonomiaren gainetik» ezarri duela bere irizpidea. Baina ez dute isiltzeko asmorik: «PAI inposatu zitzaigun bere garaian, ikasleen ingeles maila hobetuko zuela ziurtatuz, beste irakasgaiei kalte egin gabe, baina gezurra zen». Gainera, erantsi du «ikasle zaurgarrienak» direla kaltetuenak, eta, beraz, PAIk «arrakala handitzen» duela.

Sindikatuak salatu du programa horrek irakasleen egoeran ere eragina duela: «Ingeleseko espezialistekin ia amaitu du, eta ikastetxeetako irakasle taldeak murriztu ditu, eta lan prekaritatea eragiten du».

Planteamendu pedagogikoa

Steilas sindikatuko kideek, beraz, aldarrikatu dute planteamendu pedagogiko berri batek «baliabide material eta giza baliabide gehiago» behar dituela, eta bide horretan «aniztasunari» garrantzia eman behar zaiola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.