Steilas sindikatuak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak murrizketak egingo ditu hainbat zerbitzutan, «jakinarazpenik gabe eta bertako langileen eta ikasleen etorkizuna kontuan izan gabe». Sindikatuaren hitzetan, murrizketek Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutuan eta Irale programan izango dute eragina.
Batetik, Urrutiko Hezkuntzako Euskal Institutua bertan behera utziko dutela adierazi du sindikatuak. Oinarrizko hezkuntzako eta Batxilergoko ikasketak online eta aurrez aurre egiteko aukera eskaini du orain arte; egun, ordea, zerbitzu horren eta bertako langileen etorkizuna ez dagoela argi esan du Steilasek. Hezkuntza Saila zerbitzuarekin izaten ari den jarrera kritikatu du: «Ulertezina egiten zaigu Hezkuntza Sailaren aurreikuspen falta, langile horiek bertan behin betikotu baitziren ikasturte honetan egin zen lekualdatze lehiaketa berezi baten bidez. Orain, bederatzi hilabete ere igaro ez diren honetan, kendu egingo omen dituzte».
Bestetik, Iraleko zerbitzua —irakasleei euskara ikastaroak ematen dizkiete— berrantolatzearen ondorioz, «lanpostu asko» galdu egingo direla nabarmendu dute. Ziurtatu dutenez, Hezkuntza Sailak «zerbitzua hobetzeko» izan dela esan du, baina Steilasek ez du iritzi bera: «Hobekuntza al da ratioak igotzea, zuzendaritzaren orduak murriztea, liburutegi edo informatikari arduradunak kentzea edo azterketa prestatzaileen orduak desagerraraztea? Hori hobekuntza baino baliabideen optimizazioa da».
Eskoletako jangelak, grebara
ELA sindikatuak eskola jangeletako greba dinamikarekin jarraitzea erabaki du, eta maiatzaren 26rako grebara deitu ditu langileak. Azaldu dutenez, lana eta lan baldintzak bermatu nahi dituzte: «Hezkuntza Sailak sistematikoki negoziatzeari uko egiteak eta informaziorik ez emateak eta familia guztiei zerbitzua ez eskaintzeak, ratioak berrikusi eta aplikatu gabe, arriskuan jartzen dute 2.000 lanpostu baino gehiago mantentzea eta berreskuratzea». Gainera, ELAren arabera, oraindik ez dakite datorren urtean nola izango diren: «Ikasturtea amaituz gero, oraindik ez dakigu Hezkuntza Sailak 20201-2022ko ikasturteari begira zer aurreikuspen izango duen, ezta bere asmoa inposatzea ote den eta negoziatzeari uko egingo dion ere». Hori horrela, hainbat eskaera egin dituzte: egungo ratioak berrikustea, itunpeko ikastetxeetan eta pribatuetan ere ratio berak ezartzea eta familia guztiei jangela zerbitzua eskaintzea.