Astebete darama preso Miren Mentxaka abokatuak Zaballako espetxean (Araba). Stop Desahucios plataformako kideen iritziz, «konspirazio baten biktima» da abokatu bizkaitarra. Hipoteka ordaindu ezinda etxetik kaleratutakoen defentsa juridikoa egiten zuen Mentxakak, eta, mugimenduko partaideen esanetan, hori izan daiteke auziperatua eta kondenatua izateko arrazoia; hots, «jazarpen juridikoa» pairatzen ari dela uste dute. «Emakume hau dozenaka familiaren defentsan ari da etxe husteen gaiarekin. Hortik etor daiteke jazarpena: bankuei eragiten dien min handiarengatik», adierazi du Stop Desahucioseko kide Roberto Agotek.
Hamabost hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote Mentxakari,iruzur egitea leporatuta. Agoteren esanetan, «herentzian jasotako jauregi batean konponketak egiteko» kreditu bat eskatu zion abokatuak mailegu emaile bati,eta denboraren poderioz mailegu hori ordaintzeari utzi zion. Berme gisa jarritako orube bati lotuta dago, ustez, Mentxakak egindako iruzurra. Akusatzaileen aurka kereila kriminala jarriko dutela iragarri du Agotek, «kendu dioten guztia berreskuratzeko asmoz».
Epaileak, «inplikatuta»
Plataformako kideek adierazi dutenez, abokatua zigortu duten hiru epaileak «bete-betean inplikatuta daude jazarpen juridikoan». Mentxakaren kontrako salaketa ipini zuten pertsonen artean Mario Fernandez Elexalde abokatua dago, Kutxabankeko presidente Mario Fernandezen semea. Hala, epaiketaren atzean «botere faktikoak» egon daitezkeela iradoki dute. «Mentxakari ospea kentzeko argudio faltsuak erabiltzen ari dira».
Stop Desahuciosek salatu du bere abokatua «jazarpen juridikoa» pairatzen ari dela
Hamabost hilabeteko zigorra ezarri diote Miren Mentxakari, mailegu bati lotutako iruzurra egitea egotzita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu