ETAk urtarrilaren 10ean aldarrikatutako su-eten orokor, iraunkor eta aldebakarra egiaztatzeko bideak aztertzen ari da Euskal Herriko bake prozesuan laguntzeko osaturiko HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldea, esku artean dituen aukerak ezartzeko «mailaz mailako gerturatze baten» bitartez. Horren berri eman zuen atzo NHTk, prentsara igorritako ohar baten bidez.
Brian Currin abokatu hegoafrikarra buru duen taldeak joan denlarunbatean, apirilak 2, egin zuen osatuz geroztikako bigarren bilera, oraingoan Londresen. Otsailetik hona Euskal Herrian jazo diren hainbat gertakari aztertu zituen HNTk, eta gertakarien bilakaera aztertzeaz gain, hainbat erabaki ere hartu zitu-en.
ETAren su-etena egiaztatzeko bideen azterketa da horietako bat. Oharrean azaldu dutenez, «HNTksu-etena egiaztatzearen auziak daukan garrantzia eta konplexutasuna ulertzen du». Oharrak, dena den, ez du argitzen taldeak aintzat hartu duen ETAk martxoaren 27aneginiko eskaintza. Orduan argitaratutako agiri baten bidez, ETA prest agertu zen nazioarteak «informalki» su-etena egiazta zezan, Espainiako Estatuak batzorde ofizial bati «ezarritako betoaren aurrean».
Halere, Harremanetarako Nazioarteko Taldeak aurreratu du «estortsioa [«iraultza zerga» deiturikoa], jakinarazi den bezala,guztiz gelditu den egiaztatzeko prozesu bat» gauzatzen ari dela. Era berean, esan du «mailaz mailako gerturatze bat» egiten ari dela «su-eten orokorraren beste aspektu batzuk egiaztatzeko erabil daitezkeen modalitateak aztertzeko».
Sorturen aurkako epaia
Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko areto bereziak Sortu alderdia legeztatzeari ezarritako debekua ere aztergai izan zuten HNTko kideek iragan larunbateko bileran. Otsailaren 15ean Bilbon lehenbiziko bilera egin eta jendaurrera agertu zenean, HNTk bere egitekoen artean jarri zuen Sortu alderdi jaio berria legezko izan zedin ahaleginak egitea. «Prest gaude ahal duguna egiteko Sorturen legeztapena sustatzeko, errazteko eta ahalbidetzeko», esan zuten orduan.
Atzo igorritako oharrean ez dute baloratu epaia, baina areto bereziko hamasei epaileetatik zazpik emandako boto partikularra «interesgarritzat» jotzeaz gain, «printzipio bezala, indarkeriaren aurka dagoen alderdi politiko orok bizitza politiko demokratikoan parte hartzeko gai izan beharko lukeela» azpimarratu dute.
Otsailean esan zutenez, bigarren bilera martxoan egin behar zuten, baina azkenean apirileko lehen egunetan bildu dira, oharrak argitzen ez duen arren, ziurrenik Sorturen legeztatze prozesuaren auzi saioa eta epaiaren autoa ezagutu nahi zutelako.
Sufrimenduarekiko enpatia
Laburra da Harremanetarako Nazioarteko Taldeak igorritako oharra, hiru ahapaldi baino ez ditu, baina indarkeriaren biktima guztien sufrimendua aintzat hartzeko eskaera ere egiten dute taldeko kideek: «Euskal Herrian berradiskidetze prozesu arrakastatsua lortzeko helburua gogoan izanda, Taldeak alderdi politiko guztiei (Sortu barne) indarkeriaren biktima guztiek pairatutako sufrimendua aintzatetsi eta beronekin enpatizatzeko gomendioa egin nahiko lieke», dio, hitzez hitz, oharrak.
Harremanetarako Nazioarteko Taldeak ez du hurrengo urratsen berririk aurreratu oharrean, ezta hurrengo bilera noiz eta non egingo dutenere. Euskal Herrira noiz itzuliko diren ere ez du argitu.
Otsailaren 14an aurkeztu zituen Brian Currinek HNT osatzen duten bost kideak. Silvia Casalek, Pierre Hazanek, Raymond Kendallek, Nuala O'Loanek eta Alberto Spektorowskik osatzen dute, eta alor ugaritan aditu dira. Casale kriminologoa da eta Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeko kide; Hazan, berriz, giza eskubideetan aditu eta Suitzako Henrry Dunant zentroko kidea; Kendall Interpoleko buru izandakoa da; O'Loan Erresuma Batuko Lorden Ganbarako kidea eta Irlandako Iparraldeko lehen arartekoa izan zen; Spektorowski Tel Aviveko Unibertsitateko irakaslea da eta 2000. urtean israeldarren eta palestinarren arteko Camp Davideko negoziazioetan parte hartu zuen Israelgo Gobernuaren ordezkaritzan.
Su-etena egiaztatzeko bideak aztertzen ari da Nazioarteko Taldea
Brian Currinek gidatzen duen taldeak joan den larunbatean egin zuen bigarren bilera, Londresen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu