1936ko abuztuaren 11n hartu zuten Tolosa tropa frankistek, 36ko gerra hasi eta aste gutxira. Harrika hautsi zituzten Ixaka Lopez Mendizabal zenaren argitaletxeko leihoak, eta lapurtu egin zituzten euskarazko lanak. Herriko liburutegitik eta eskoletatik eraman zituzten liburuak. Plazan pilatu zituzten ehunka liburu, eta su eman zieten faxistek.
Liburuak eskutan, erreketa oroitzeko ekitaldia egin dute gaur, Lopez Mendizabalen argitaletxea zegoen lekuan. Gerra hasi aurretik herria euskal pizkundearen "bihotza" zela gogoratu du Tolosako Udalak. Jazarpenari aurre egin eta euskal kulturaren alde jardun zutenak goratu ditu Olatz Peon alkateak: "Hemen gara. Liburu asko erre zituzten, eskolak eta ikastolak itxi zizkiguten, baina gehiago sortu dira, eta sortuko dira berriak. Ohore euskara eta kulturaren alde, askatasunaren alde lan egin duten eta lanean jarraitzen duten guztiei".
Oroiteria, BERRIAren webgune berezia
Aurten 80 urte bete dira 1936ko gerraren abiapuntu izan zen estatu kolpetik, eta gerra hari buruzko webgune berezia egin du BERRIAk: Oroiteria. Bost ataletan, 36ko gerra bera ez ezik, hari buruzko guztia jasotzen du Oroiteria webguneak; tartean, Tolosako liburu erreketaren berri. Amagoia Iban kazetariak koordinatutako lan horrek bost atal nagusi ditu gaur-gaurkoz, eta seigarren atala izango du udazkenean.