politika

Suarezen bisitako "egoera esperpentiko" hura

1980an Espainiako orduko presidenteak Ajuria Enera bisita egin zuenean, negoziazio autonomikoaren egoera zela-eta EAJko zuzendaritzak boikota antolatu zuen, Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakariaren harridurarako. Gaur Zapatero izan da Ajuria Enean, Espainiako gobernuburu baten bigarren etorreran.

enekoitz esnaola
2011ko azaroaren 7a
14:12
Entzun

Espainiako Gobernuko presidente bat bigarren aldiz izan da Ajuria Enean gaur: Jose Luis Rodriguez Zapatero (PSOE). Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta alderdikideak hartu du. 1980ko abenduaren 9an izan zen aurreko aldia: Carlos Garaikoetxeak Adolfo Suarez (UCD) hartu zuen.

EAJkoa zen orduan Garaikoetxea... eta EAJk boikota egin zion Suarezen bisitari. Lehendakariak etorrera hura Kontzertu Ekonomikoaren eta Ertzaintzaren negoziazioak aurrera ateratzeko "une bikaina" zela pentsatzen zuen, bere memorien liburuan kontatzen duen bezala —Carlos Garaikoetxea. Euskadi: bukatu gabeko trantsizioa, 2002—, "baina EAJko zuzendaritzak, guk bere erabakien berri jakin gabe, kontrolpean zituen udal eta diputazio denetatik bisitaren aurkako benetako boikota antolatu zuen".

Bizkaiko eta Gipuzkoako 108 udalek egin zioten boikota Espainiako gobernuburuaren etorrerari. Arrazoia, udal haietako dekretu batek zioenez: "Garapen autonomikoan ez dago emaitza positiborik. Bisita hau ez da batere eraginkorra". Esate baterako, Jose Antonio Ardanza Arrasateko alkatea zen orduan —gero lehendakari izan zen, Garaikoetxearen dimisioaren ondoren—, eta berak Jose Antonio Ardanza. Euskadi bihotzean (2011) memorien liburuan aitortzen duen legez, "modu aktiboan" hartu zuen parte boikotean.

Bizkaiko eta Gipuzkoako EAJko uri burubatzarrek Moncloara telegramak bidali zituzten. "Suarez, ez zaitez etorri kontzerturik gabe". Arabakoek beste lelo bat hartu zuten: "Suarez, geurea ekarri". EAJ barruan bazegoen saltsarik ordurako. 

Bizkaiko Aldundiko bazkaria

Garaikoetxeak dio egoera "pixka bat esperpentikoa" zela, eta 1980 hartako abenduaren 10eko Bizkaiko Foru Aldundiko bazkaria jartzen du adibide modura: "Ajuria Enean nintzen, gauza batzuk egiten, eta berehala Marcelino Orejaren dei bat jaso nuen: 'Lehendakari, inoiz bizi gabeko egoera beldurgarri batean gaude. Gaizki diot, halako gauza beldurgarri bat Libian baino ez zitzaidan gertatu behin, Gaddafirekin. Bizkaiko Aldundian nago, [Jose Maria Makua] ahaldun nagusia ez da ageri, eta gonbidatu guztiak hemen gaude orduak zain'. Absurdua zen egoera. Ahaldun nagusiak, gonbidapenak banatu ostean, EAJren aginduak jaso zituen".

Garaikoetxea Bilbora joan zen, 'esperpento' hartara. "Suarezek modu inteligentean hartu zuen egoera". Eta lehendakariak "jakin-mina" zuenez, Orejari galdetu zion zer gertatu zitzaion ba Muammar Gaddafirekin. Erantzun zion: Libiako orduko agintariak egun oso batez zain eduki zituen jaima batean.

Suarez 1980ko bisita haren lehen egunean Ajuria Enera heldu zenean, Gora ta gora Euskadi ereserkia entzun behar izan zuen, himnoa artean ofiziala ez zen arren. "Orejak sorpresa eta desesperazio keinuak egiten zituen", kontatzen du Garaikoetxeak. Baina bisita, azken beltzean, ona izan omen zen, lehendakariaren arabera. "Garai hartarako errazak ez ziren erabakiak hartzeko gai izan zen Suarez, berriro".

Gaur, dagoeneko ETAren borroka armaturik ez dela, zerbaitera etorri al da Zapatero Gasteizera?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.