Subjektu politiko berri bat osatuko dute, agenda politikoa «iraultzeko»

Hego Euskal Herriko ezkerreko indar subiranistek datozen urteetarako ekintza politikorako helburuak finkatu dituzteEsparru administratibo guztien abiadurak aintzat hartuko dituzte

Lau alderdietako burukideak elkartu ziren Donostian, 'Ezkerreko subiranisten konpromisoa' agiriaren aurkezpenean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
Donostia
2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko agenda politikoa «iraultzea» helburu duen «subjektu politiko berri bat» osatzeko konpromisoa hartu dute ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak. Orain arte, Bildu eta Amaiurren bitartez, ezkerreko indar subiranista eta independentistek egindako elkarlanari segida emango diote, beraz, lau indar politiko horiek.

«Luzera begirako akordioa» egin dute ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek; akordioaren hamalau orrialdeetan markatutako puntuetan «elkarrekin eta lehentasunez» lan egingo dutela diote, baina alderdi bakoitzak bere helburuei eta nortasunari eutsiko die. Hurrengo urteetan garatzeko ekintza politikorako akordioari izaera sozial handia ematen dioten hamar esparru finkatu dituzte, halaber.

Sustatzaileek azaldu dutenez, hiru erronkari aurre egin beharko die subjektu politiko berriak: Euskal Herriaren ukazioari eta Espainiako eta Frantziako blokeoari; krisialdi ekonomiko sistemikoari eta esparru estatutario-konstituzionalaren agorpenari. «Egoera horren aurrean, ezkerreko eremu subiranistak abian jarri behar du pertsona eta herri guztien eskubideen defentsan oinarritutako agenda politiko bat», azaldu dute.

Elkarlan horren oinarriak aurkezteko, akordioaren sinatzaileek ekitaldi bat egin zuten atzo arratsaldean Donostian, Miramar jauregian. Lau alderdietako ordezkaritza zabal bat izan zen han; besteak beste, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidea, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusia, Pello Urizar EAko idazkari nagusia eta Oskar Matute Alternatibako bozeramailea. Guztien izenean mintzatu ziren Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kidea eta Maiorga Ramirez Nafarroako EAko lehendakaria.

Lau eragileek eta ABk apirilaren 28an Irunen sinatutako estrategia nazionalerako konpromisoaren segida da akordio berria, Hego Euskal Herrira begira egindakoa. Iparraldekoa, udazkenean aurkeztuko dute, ABrekin batera. Finean, iazko urtarrilean ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak sinatutako Euskal Herria Ezkerretik akordioaren garapena da akordio berria. Hiru indar politiko horiez gain, Aralarrek eta ABk bat egin dute oraingoan.

Pluraltasunaren aitortza

Atzo aurkeztutako akordioaren ardatza Hego Euskal Herri osoa da, baina sinatzaileek nabarmendu dutenez, akordioa garatzeko orduan kontuan hartuko dituzte «Hego Euskal Herriko esparru administratibo-politikoetako errealitate eta abiadura guztiak», «Nafarroari dagokion berezko nortasun politikoa» aitortuta.

Euskal Herriaren subiranotasunaren defentsan elkarlanean jarduteko konpromisoa hartu dute sinatzaileek, baina ezkerreko ikuspegi markatu batekin. Akordioak dioenez, «egungo eredu sozioekonomikoa sakon iraultzeko» helburua dute sinatzaileek, eta, nabarmendu dutenez, euren helburua da eskuinari «alor guztietan» aurre egitea. «Aldaketa sozioekonomikoa ezinezkoa da demokratizazio politiko sakonik gabe eta euskal instituzio burujaberik gabe», nabarmendu dute.

Era berean, soilik bide politikoak erabiliz jardungo dutela diote sinatzaileek, eta bortxazko estrategia eta jarduera oro baztertzen dutela. Azpimarratu dute euren lana «jarduera instituzionalaren bidez zein desobedientzia zibila erabiliz» eramango dutela aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.