Euskal Herrian zortzi hamarkadatan izandako orotariko indarkeriaren ispilu izan daiteke Etxarri Aranatz. "Beste herri asko bezala, arrazoi politikoengatik sufrimendu handia jasan duen herri txikia da Etxarri, eta sufrimendu horrek eragin digu denoi. Zuzenean, zeharka, urrutixeago, gertuxeago, baina denoi, familia guztioi eragin digu". Eneka Maiza egungo alkateak gaur goizean nabarmendutako lehen ondorioetako bat da.
Maizak, udaleko beste lau zinegotzirekin batera, Iñaki Egaña Euskal Memoria fundazioko ikerlariak egindako txostena aurkeztu eta haren datu nagusiak laburbildu ditu. Maizaren arabera, ikerketak hutsune bat bete nahi izan du, "Etxarriri buruz asko hitz egin delako baina inoiz ez delako ikertu". Era berean, 1936tik honako sufrimenduaren inguruko azterketa ez da "ez lan amaitu bat, ez lan oso bat, lehen hurbilketa bat baino ez da ahalik eta objetibotasun handienarekin eginda".
Maizak etxarriarrei azaldu die "lan tresna" gisa ikusi behar dela ikerketa: Iraganera begiratu etorkizunari "elkarbizitzaren bidez aurre egiteko". Txostenak hiru aldi bereizi ditu: 36ko gerra, frankismoa gerrosteko lehen urteak eta 1960tik hona gatazkaren ondorioen ingurukoa. Hildakoez gain, erbesteratuei, atxilotuei, torturatuei eta bestelako sufrimendua jasan dutenei erreparatu die. Maizaren arabera, lan deskriptiboa da, nazioarteko metodologia hartu du aintzat, eta bibliografia, hemeroteka, dokumentazio eta lekukotza zuzenekin egin du lan.
Maparen zifra nagusiak
Beste herri askotan bezala, 1936ean hasi zen hurbileko historiaren "atalik beltzena". Ezkertiar, sindikalista edo abertzale izatea leporatuta, hamazazpi etxarriar "hil edo desagertuarazi" zituzten frankistek. Era berean, Lizarrustin lau ordiziar fusilatu zituzten. Hamabi irakasle, zinegotzi edo udal langile erbesteratu zituzten. Iruñean, Etxarriko haur bat hil zen bonbardaketa batean, Errepublikaren bandoan lau etxarriar hil ziren eta frankisten bandoan 24. Herriak garai hartan 1.060 biztanle bazituen, 225 gizon erroldatu ziren frankisten alde, "batzuk borondatez eta besteak behartuta".
Gerra ostean, berriz, zazpi herritar izan ziren erbesteratuak, horietatik bik (UGTko kideak) Gursen barneratuak izan ziren. Gainera, bost herritar kartzelaratu zituzten diktaduraren lehen urteetan.
1960tik gaurdainoko lehen biktima, Antonio Goñi izan zen. Burgosko prozesuaren aldeko manifestazio baten ondoren atxilotu eta torturatu zuten. Handik hamaika egunera bere buruaz beste egin zuen, Ordena Publikoko Auzitegian sei herritar epaitu zituzten. 1979an, ETAk Jesus Ulaiar 1969tik 1975era herriko alkate izandako erahil zuen. ETArekin zerikusia izan dutenen artean, berriz, hiru etxarriar hil dira.
Segurtasun indarrek zortzi etxarriar zauritu dituzte (euretako bi, bi aldiz). Gerra zikina delakoa hamar herritarrek jasan dute (bonba-gutunak, salaketa kartelak, lehergailuak autoan, bahiketa, denda metrailatzea...). Gainera, urteotan guztiotan 64 herritar atxilotu dituzte segurtasun indarrek eta gehienek torturak salatu zituzten. Hamaika erbesteratu izan dira gatazkaren ondorioz, gehienak Frantziara, eta hemeretzi kale eraso izan dira herrian. Gaur sei preso daude espetxeetan, denak euren jaioterritik "oso urruti".
Maizaren arabera, "lan aitzindaria" da eta "iraganaren ikuspegi orokor " bat ematen du. Egileak haren ondorio nagusiak emango ditu ezagutzera datorren urtarrilaren 30ean.