Jokalekua aldatu da. Nafarroako Gobernuak atzo izan zuen Espainiako Gobernuak jarritako helegiteen berri. UPNren gobernuak, hauteskundeen aurretik, 2013, 2014 eta 2015eko postuak berritzeko deialdiak iragarri zituen dekretu bidez. Horietako batzuk epez kanpo egin zituelakoan, PPren gobernuak bi errekurtso jarri ditu, eta deialdiak badaezpada ere eteteko eskaera egin du auzitegietan.
Gaur eguerdian Ana Ollo gobernuko eledunak jakinarazi duenez, udan gobernu aldaketa izan zenean UPNko bi kontseilariek ez zioten egoeraren berri eman ez Funtzio Publikoko kontseilariari ez Hezkuntzakoari.
Maria Jose Beaumonte Funtzio Publikoko kontseilariak aurreratu du bi errekurtsoak irabazteko aukera handia dutela. Beaumonten arabera, administrazioarekiko auzietan aurkezten diren helegiteen %1ean soilik eskatzen da behin-behinean etetea administrazio prozedura, eta ia denetan atzera botatzen du auzitegiak. Horregatik, espero du deialdiak aurrera egitea, baina esan du behin auzi judizial batean sartuta inoiz ez dagoela %100eko segurtasunik.
Espainiako Gobernuak guztira 264 postu jarri ditu kolokan: hamar, suhiltzaileenak; 120, osasun arlokoak eta 134, hezkuntzakoak. Hezkuntzan berez Nafarroak 320 lanpostu ditu eskaintzeko, eta orain horietatik 134 leudeke arriskuan —hamalau inspektore, Bigarren Hezkuntzako hogei postu eta maisu-maistren artean ehun—.
Gobernuak hamar eguneko epea du alegazioak aurkezteko, eta datorren astean onartuko du Hezkuntzako lan deialdi publikoa, "juridikoki ziurtatuta" dauden postuak aterata. Suhiltzaileen kasuan, deialdia jada eginda zegoen, eta otsailaren 13rako dago aurreikusita lehen proba egitea. Beaumonten arabera, kasu horretan helegitea dekretuaren aurkakoa denez, deialdia bera indarrean mantentzea erabaki dute. Osasunako deialdiaren aurrean, Ollok azaldu du denbora gehiago dutela zer egin erabakitzeko.
Beaumonten arabera, "borondate politikoa" dago Espainiako Gobernuaren atzean, eta Madrilen oraindik gobernua osatu gabe dagoenez, horrek ziurgabetasuna areagotzen duela gaineratu du. Jose Javier Esparza UPNko eledunari eskatu dio hain ziur badago UPNren gobernuak gauzak ondo egin zituela, eska diezaiola bere bazkide politikoari, PPri, helegitea atzera botatzeko.
Araiz: "Ez da kasualitatea"
EH Bilduko Adolfo Araizen arabera, "ez da kasualitatea" Hezkuntzako lan eskaintza aurkeztu aurretik Espainiako Gobernuak bertako 134 postu kolokan jartzea. Haren ustez, UPNk ez zituen epeak bete Lan Eskaintza Publikoa egiteko orduan, eta estatuaren erremintak erabilita PPk orain "UPNren arduragabekeria politikoa" zuzendu nahi du . "Orain, lan aukera hau itxaroten zuten milaka herritar izan daitezke kaltetuak".