Sinesgaitza da; M-15eko kideen antzera, suminduta nago, harrituta, haserre. Bateragune auziko epaiaren idazkia irakurrita, Espainiako epaileek justiziaz egiten dutena ezin sinets dezaket. Epaira ez dute ekarri froga behagarri bakar bat ere. Denak dira usteak, inferentzia logikoak eta horien arabera eraikitako funtsik gabeko salaketak. Epaitutakoen aurkako neurriko zuzenbidea. Kondenatu behar zituztela erabakita, zigorra justifikatzeko arrazoibidea eraiki dute. Lotsagarria.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko aretoetan, euskaldunak epaitzen dituztenean, errudunak epaitzen dituzte. Aldrebeseko justizia da, egindako delitua argitzea baino gehiago epaituari eskatzen zaio bere erruduntasuna frogatzeko. «Zuek ez badakizue ere, ETAko kideak zarete», esan omen zien epaileak inputatutakoei. «ETAko kideen antzera hitz egiten dutenez, ETAko kideak dira», idatzi dute oraingo epaian.
Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Rafa Diez kartzelan daude. Zeinek esan du pertsona horiek ez direla biktimak? Zer delitu leporatzen zaie? Egindakoa, bakar bat ere ez, ETAko kideak izatea leporatzen zaie. Guztiek ukatu dute ETAko kideak direla, eta ez dago inolako frogarik ETAko kideak direla erakusten duenik.
Oraingo honetan zigortutako bost pertsona hauek biktimak dira, kartzelan dauden beste askoren antzera. Injustiziaren biktimak, arrazoirik gabe atxilotuak, isolaturik eta kartzelaturik. Diru-bermeak eta zigorrak ordaindu behar izan dituztenak ere injustiziaren biktimak dira.
Justizia, bakea eta askatasuna behar ditugu, bai, guztiok behar ditugu justizia, bakea eta askatasuna. ETAren biktimek begirune, justizia eta aitorpena behar dituzte, bai, baina ETAren aurkako borrokaren eraginez sortzen diren biktimek ere begirune, justizia eta aitorpen maila bera behar dute. Bateragune auziko epaia mendekua besterik ez da.
Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Rafa Diez abertzaleak, ezkerzaleak eta bakezaleak dira. Bakearen alde eta konponbidearen alde lan egin dute. Seguru nago kartzelatik bertatik bakearen alde eta konponbidearen alde lanean jarraituko dutela. Alabaina, libre gaudenok zailagoa izango dugu, orain euren askatasuna eskatu behar dugu-eta.
Espainiako Estatuak mendekuaren gurpil zoroa eten behar du. Krisi garaiotan motibo asko dauzkagu haserre egoteko, suminduta egoteko. Euskal Herrian ez dugu biktima gehiagorik behar. Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Rafa Diez bakearen eta konponbidearen eragileak dira. Aske nahi ditugu, ahalik eta azkarren.
Begiradak
Suminduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu