Ingurumena

Sute bat izan da Zubietako erraustegiko hondakin handien hobian

07:45ean piztu da sua, eta erraustegiaren baliabideekin itzali dutela jakinarazi du GHK-k. GuraSOSek esan du instalazioetan piztutako laugarren sutea dela.

Zubietako erraustegia, gaur goizean, kez inguratuta. BERRIA
2023ko uztailaren 4a
14:37
Entzun

Zubietako erraustegian sute bat izan da goizean, eta ke laino handi bat begi bistan izan dute inguruko bizilagunek ordu batzuetan. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak jakinarazi duenez (GHK), mankomunitateren batek material «sukoia» bota du bolumen handiko hondakinen hobian, eta han hartu du su. GHKren arabera, 07:45ean piztu da sua, eta 10:00ak arte egon da piztuta. Jakinarazi du «sute txikia» izan dela eta erraustegiaren beraren baliabideekin itzali dutela.

GuraSOSek kritikatu egin du GHKren prozedura. Izan ere, ez zaio zilegi iruditu errua mankomunitateei botatzea, GHKri baitagokio instalazioetara sartzen diren hondakinak kontrolatzea. GuraSOSek gogorarazi du gai industrialak eta hondakinik arriskutsuenak egoten direla hondakin handien hobian. Alde horretatik, kalterik ez dela izan esatea ere kritikatu du. «Keak berak sortzen du kaltea. Ez al da kalte nahikoa biztanleen osasuna eta segurtasuna?».

GuraSOSek ohar hau ere bidali dio GHKri: «Zer material eta zer kantitate erre den jakin nahi dugu, eta baita zer substantzia arriskutsu isuri diren ere. Eta zergatik ez zaien abisatu herritarrei, edota 112ra deitu den, baimenak agintzen duen bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.