Sute handi bat piztu da Artaxoa eta Mendigorria artean

Nafarroako lau suhiltzaile parketako hainbat kamioi, bi helikoptero eta beste horrenbeste hegazkin ari dira sua itzaltzeko lanetan. Aparteko baliabideak eskatu dizkio Nafarroako Gobernuak Espainiakoari. Gares eta Mendigorria arteko errepidea itxi dute.

Artaxoa eta Mendigorria arteko sutea. Foruzaingoak sare sozialetan zabaldutako irudia. FORUZAINGOA
Ion Orzaiz.
2023ko abuztuaren 24a
18:23
Entzun 00:00:0000:00:00

Sute txikia zirudienak kezka eragin du Nafarroako erdialdeko herrietan, eta gobernuak eskura dituen baliabide ia guztiak erabili behar izan ditu hura itzaltzen saiatzeko. Nafarroako larrialdi zerbitzuek 14:45ean jaso dute abisua, Obanos herrirako bidexkan ke adar bat ikusi baitute hainbat herritarrek. Sutea kontrolatzeko arazoak izan dituzte suhiltzaileek, eta, 16:45ean, Larrialdietarako Herritar Babeserako Plan Bereziaren bigarren fasea aktibatu du Nafarroako Gobernuak. Horri jarraikiz, sutea piztu den tokiraino joan dira Tafallako, Cordovillako, Azkoiengo eta Lizarrako parkeetako suhiltzaileak, basozainak eta foruzainak. Horiez gain, bi helikoptero eta beste bi hegazkin ere mobilizatu dituzte. Mendigorria eta Artaxoa arteko errepidea ere itxita dago.

Sugarrak Mendigorrira hurbiltzen ari direla ikusita, aparteko baliabideak eskatu dizkio Nafarroako Gobernuak Espainiako Trantsizio Ekologikoko Ministerioari, sutea itzali ahal izateko.

Oraingoz, meteorologia iragarpenak ez dira onak: Aemet agentziak iragarri du hego haize zakarra ibiliko dela inguru horretan arratsalde osoan. Hala ere, tenperatura freskatu eginen da iluntzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.