Suteen aurkako neurriak hartzeko eskatu diote Donostiako Udalari, manifestazio batean

Donostiako Parte Zaharreko bizilagun ugari kalera atera dira, suteen aurkako udal ordenantza berria prestatu dezatela eskatzeko.

SUTEEN AURKAKO MANIFESTAZIOA
'Sute gehiago ez' lelopean egin duten manifestazioa, gaur, Donostiako Abuztuaren 31ko kalean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko martxoaren 2a
14:30
Entzun

Otsailaren 19an su hartu zuen Donostiako Parte Zaharreko Zumeltzegi tabernak. Bi langile ospitaleratu behar izan zituzten kea arnasteagatik, eta kalte material ugari izan ziren. Sute hori ez zen salbuespen bat izan: eraikin askok egurrezko egitura dute Parte Zaharrean, eta hamasei tabernatako sukaldeek hartu dute su azken urteotan. Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak antolatuta, manifestazio bat egin dute bizilagunekin gaur, eskatzeko Parte Zaharrean ez dadila egon sute gehiagorik. Horretarako, suterik ez izateko neurriak hartzeko eskatu diote Donostiako Udalari, baita suteen aurkako udal ordenantza berria prestatu dezatela ere.

Euripean egin dute ibilbidea manifestariek; ehunka izan dira, auzo elkartearen arabera. «Parte Zaharreko biztanleen segurtasuna eta haien etxebizitzena edozein sektore ekonomikoren interes pribatuen gainetik daude», adierazi dute, «ozen eta argi». Eneko Goiari, Donostiako alkateari, eskatu diote argitaratu ditzala udalak egindako ikuskapenen datuak: «Ekintzekin froga dezala udal gobernuak ea suteen aurkako prebentzio protokoloren bat duen. Informazio hori gabe, sinesgarria al da haren hitza? Ez, gure elkartearen ustez».

Horregatik, Parte Zaharrean Bizik adierazi du ofizialki eskatuko duela Donostiako Udalak suteen aurkako prebentziorako udal ordenantza bat sustatzea. Nolako ordenantza nahi duten ere zehaztu dute: «Kanpaiak eta ke hodiak garbi izateko egungo betebehar abstraktua betebehar zehatz bihur dadila eskatzen dugu; urtean bitan haiek garbitzera eta horren ziurtagiria aurkeztera behartuko duen ordenantza bat ezartzea, alegia».

Auzo elkartearen ustez, instalazioak aldizka ikuskatzeko betebeharra jaso behar da udalaren ordenantzan, eta suhiltzaileen eta ikuskatzaileen esku hartzea erraztekoa ere bai.

Ikuskapen eskea

Era berean, Parte Zaharreko bizilagunei dei egin diete, bizilagun komunitateen bidez edo bakarka, atarien ondoan dituzten establezimendu eta biltegien ikuskapenak eska diezazkioten udalari. «Berrehun establezimendu hain eremu txikian izatea bada nahikoa arrazoi kezkatzeko, are gehiago udal gobernu honen prebentzio kulturarik eza kontuan hartuta», azaldu dute.

Donostiako suhiltzaile askok ere parte hartu dute manifestazioan, eta antolatzaileek «eskerrak» eman dizkiete egiten duten lanagatik. Haien lana «baldintza egokietan» egin ahal izateko bitarteko gehiago eskatu dituzte Parte Zaharrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.