Tabakoaren aurkako legea "ia guztiz" betetzen ari dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala dio Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa batek. Hoteletan, joko aretoetan eta frontoietan %98,6k betetzen dute legea, jatetxeetan %98,5ek, eta tabernetan eta dantzalekuetan %96k, eta Rafael Bengoa Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan du "osasunaren alde" egiten ari direla herritarrak, eta legea pozarren hartu dutela. "Jende asko nazkatuta zegoen erretzaile pasibo izateaz".
Jaurlaritzak orain arte 85 salaketa jaso ditu legea ustez ez betetzeagatik. Oraindik, ordea, ez du isunik jarri. Celina Perada Drogamenpekotasun zuzendariak adierazi du epea utzi nahi izan dietela legea betetzen ez duten lekuetako arduradunei, eta hemendik aurrera zorrotz hasiko direla. Lehendabizi oharra bidaliko diete, eta, kasurik ez egitekotan, isuna ezarri.
Elkarteetan erre daitekeen edo ez, argitzeko dago oraindik. Kazetariek behin eta berriro galdetuta, Bengoak ez du erabat argitu zein den egungo egoera. Jakinarazi du Espainiako Estatuko erkidegoen eta Gobernuko Osasun Ministerioaren arteko batzorde bat eratu dutela, eta han ari direla horrelako kasuetan zer egin aztertzen. Erabaki artean, "autoerregulazioaren" alde egin du Jaurlaritzako Osasun sailburuak.