Espainiako tabakoaren legearen arabera, peña, txoko eta gastronomia elkarteetan ezingo da erre. Irakurketa horren berri eman du Maria Kutz Nafarroako Osasun kontseilariak, Espainiako autonomia erkidegoetako ordezkariekin legea ezartzeko orduan jarraituko dituzten irizpideak bateratzeko bildu ostean. Txokoak «janaria eta edariak erabiltzen dituzten toki itxiak» direla gogorarazi du Kutzek, eta ondorioz indarrean dagoen legeak bertan erretzea debekatzen duela baieztatu du.
Espainiako tabakoaren legearen zazpigarren artikuluak zehazten du non dagoen debekatuta tabakoa erretzea. Leku horien barruan «jakiak landu, eraldatu, prestatu edota dastatzen diren toki edota establezimenduak» aipatzen ditu. 2006an indarrean sartu zen legean bertan agertzen zen debeku hori, eta horretan oinarrituta azaldu du Kutzek txokoetan ezingo dela erre.
Autonomia erkidegoetako gobernuei dagokie legea garatzea, eta, Kutzen hitzen arabera, tabakoaren legeak peñetan eragingo du. Gaia autonomia erkidegoetako ordezkarien bileran landu zen herenegun, baina Kutz izan da horren inguruan hitz egin duen bakarra. Eusko Jaurlaritzak ez du ezer jakinarazi, txokoetan erretzeko aukera berez debekatu nahi izan zuen arren. Ordea, Espainiakoa oinarrizko legea izanda, derrigorrean bete beharrekoa da erkidego guztietan.
Peña, txoko eta gastronomia elkarteetan jarraitu beharreko irizpideez gain, beste hainbat tokitan ere erretzea debekatuko dela aurreratu du Nafarroako Osasun kontseilariak. Autobus aterpeetan ezingo da erre, ezta janaria saltzen duten kaleko azoketan ere. Horrez gain, bi pareta baino gehiago dituzten estalitako taberna terrazetan ere erretzea debekatuta egongo da.
Ospitaleak eta jolastokiak
Espainiako legea onartu zenean ospitaleen kanpoaldean ezingo zela erre aurreratu zen. Dena den, baieztapen hori ezeztatu egin du Kutzek, atzoko bileran eztabaidatutako irizpideen arabera. Ospitale eta osasun zentroen inguruan tabakoa erre ahal izango dela jakinarazi du, «oinezkoen zirkulazio eremu publiko» gisa hartzen delako.
Adingabeen jolastokien inguruan erretzeko debekuari buruz eztabaida dago oraindik ere, Kutzek azaldutakoaren arabera. Hasiera batean adingabeentzako tokietan erretzea debekatuta dago, baina, kalean edo estalita badaude ere, estatuaren abokatuari galdetu diote erkidegoen ordezkariek. «Muga ezartzeko orduan zailtasunak daude», aurreratu du Kutzek.
Erretzaileen klubei dagokienez, baldintza jakin batzuk bete beharko dituztela jakinarazi du. Legearen arabera, bazkideak baino ezingo dira toki horietan sartu, eta ezingo dute irabazi asmorik izan, ezta gaien salerosketa egin klubaren barruan.
Bi aste barru berriro bilduko dira autonomia erkidegoetako gobernuetako ordezkariak tabakoaren legea ezartzerakoan irizpide bateratuak jarraitzeko.
Ikuskatzaileen ardura
Irizpideak bateratu bitartean, Kutzek aurreratu du Nafarroanosasun publikoko ikuskatzaileak izango direla legea betearazteaz arduratuko direnak. Bide batez, orain arte tabakoaren legea ez betetzeagatik inolako salaketarik ez duela jaso aurreratu du Osasun kontseilariak.
Gauza bertsua gertatuko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan EAEko tabakoaren legearen aldaketa onartzen denean. EAJk, PPk eta Aralarrek bat egin dute testuaren barruan zuzenketa bat egin ahal izateko eta ikuskaritza Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko. Jatorrizko testuan Ertzaintzaren eta udaltzainen esku ere uzten zen legea betetzen zela ikuskatzeko ardura, baina puntu hori ezabatu egin da, eta ardura ikuskatzaileen esku utzi da.
Ordea, oraindik ere aldaketak egin daitezke EAEko legean, Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordean txostena eztabaidatu behar dutelako urtarrilaren 20an, eta otsailaren hasieran osoko bilkuran bozkatu.
Tabakoaren legearen arabera txokoetan ezin dela erre dio Kutzek
Espainiako autonomia erkidegoetako ordezkariek legea ezartzeko irizpideak eztabaidatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu