Atzo hainbat tabernatako terrazetan gertaturiko pilaketak gaitzetsi ditu Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudel elkarteko presidenteak. «Ezin da berriz gertatu», adierazi du. Etxe berean bizi ez direnek bi metroko tartea aintzat hartzen ez badute ertzainek edo udaltzainek isuna jarriko dietela ohartarazi du, eta erantsi du izurria ez zabaltzeko ardura osoa ezin dela egon administrazioaren gain. «Eusko Jaurlaritzak asmatu egin du konfinamendua arintzeko lehenengo faseari mugak jartzen».
Antzeko ohartarazpena egin du Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, eta esan du zigorrak ezarriko dituztela, «zalantzarik gabe». «Norberaren erantzukizunari» dei egin dio.
Atzo sartu zen Hego Euskal Herria deskonfinamenduaren 1. fasean, eta, horrekin, tabernak zabaltzeko lehen eguna izan zen. Ireki ondoren, ordea, itxi egin behar izan zituzten Bilboko erdiguneko Ledesma kalean. Eguerdian, jendea pilatu egin zen, eta askok ez zuten utzi bi metroko tartea. Udaltzainak kale horretara joan ziren, eta arauen berri eman zieten tabernariei, baina ez zuten isunik jarri. Orduan, tabernariek terrazak itxi zituzten, argudiatuta ez zutela modurik urruntzeko neurriak betearazteko. Bilboko Zapikaleetan ez zen arazorik egon.
EH Bilduko udal taldeak «erantzukizunak bere gain hartzeko» eskatu dio EAJk eta PSEk osatzen duten udal gobernuari, eta «prebentzio lana eta lan pedagogikoa» egiteko, jendea pilatzea eragozte aldera. Ostalaritza «oso gaizki» pasatzen ari dela gogoratu du talde abertzaleak, eta adierazi du atzo zabaltzea erabaki zutenei «egoerak gainezka» egin ziela. «Bilboko Udal Gobernuak «isuna soilik proposatzen digu irtenbide gisa, eta, horrek epe laburrean arazoa konpon dezakeen arren, epe ertain-luzera ez du konponduko». Zigorrez harago, konponbideak proposatzeko deia egin dio udal gobernuari.
Udalak iragarri duenez, gaur udaltzainen patruila bat egongo da une oro Ledesmako taberna gunea zaintzen.
Bizkaiko Ostalarien Elkarteak esan du ez direla «ulerberak» izango arauak betearazten ez dituzten tabernekin. Angel Gago elkarteko presidenteak adierazi du «pentsaezina» zaiola ehunka pertsona maskara eta eskularrurik gabe kalean ibiltzea «eta gero mahai batean esertzea, eta inguruan lau, bost, sei, zortzi edo 22 jartzea solasean-edo aritzera». Mezu bat helarazi die arauak betearazten ez dituzten tabernariei: «Izugarri kostatu zaigu ulertaraztea jende apur bat gehiagorentzako lekua behar genuela terrazetan, zuk orain ez betetzeko eta edozein portaera ontzat emateko».
Donostian, 23 ohartarazpen
Donostian ere arazoak egon ziren. Udaltzainek 44 kontrol saio egin zituzten, eta 23 tabernari ohartarazi zieten ez zirela betetzen ari bi metroko tartearen araua. Udalak zabaldu duenez, ohartarazpen gehienak kanpoaldean zutik edaten ari ziren bezeroengatik egin zituzten, edo «lagunek beteriko mahaien inguruan zutik» zeudenengatik. Ohartarazitako tabernetatik hiru Errege Katolikoen kalean daude, Europa Press agentziak nabarmendu duenez. Beste bati isuna jarri zioten, zuzenean, taberna barruko mahaietan zerbitzatzen ari zirelako.