Koronabirusa

Ostalaritza. Apurka esnatzen

Bilbon terraza gutxi jarri dituzte lehen egunean, eta ez zaie bezerorik falta izan. Ondo bete dituzte garbiketa neurriak; urruntze arauak ez hainbeste, eta batzuek itxi behar izan dute

Garcia Rivero kaleko taberna bat, itxita, «Horrela ez» dioen afixarekin. A, L. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Maskarak estaltzen zion aurpegia Iñigo Valdivielsori, baina atzean irribarrea ageri dela ondorioztatu zitekeen. «Sekulako poza dut berriz ere ireki ahal izan dugulako. Luze egiten da negozioa bi hilabetez itxita edukitzea. Gau asko izan dira begirik bildu gabe». Culmen tabernako barraren atzetik mintzo da. Lau mahai eskaseko terrazarekin ireki zuen atzo Plaza Barrian, Bilbon, baina nahikoa jarduna martxan jarri eta «buruari buelta gutxiago emateko».

Hego Euskal Herriko ostatuekatzo berreskuratu zuten bezeroak euren negozioetan hartzeko eskubidea, baina kanpoaldeko terrazetan bakarrik. Zazpikaleetan, esaterako, bakarrak ireki zuen Unamuno plazan, baina gaur gehiago izango dira, eta lauk Plaza Barrian. Ledesman ere bost tabernak jarri zituzten mahaiak. Terrazaz beteta egoten den erdiguneko kale bat da hori, eta arazoak izan zituzten bazkalorduan. Haietako hiruk itxi behar izan zuten, segurtasun distantziak mantentzeko arazoengatik.

Dena den, oro har denek bete zituzten administrazioak ezarritako neurri zorrotzak, garbiketa mailakoak bereziki. Beste kontu bat izan ziren terrazetatik kanpo kontsumitzearen debekua —bankuetan...—, edo aulkien arteko gutxieneko distantzia. Batetik bestera bi metro utzi behar dira, eta plazetatik kanpoko terrazetan bezero gehienak gertuago zeuden. Halakoak eragozteko behartu dituzte dagozkien mahaien erdiak bakarrik jartzera.

Neurriak neurri, baina, goizez behintzat, eta eguraldiak lagundu zuen bitartean, ez zen falta izan gose edo egarri zen bezerorik, eta ostatuek lan pixka bat egin zuten. «Baina honekin ez dugu irabaziko, asko jota gutxiago galduko dugu. Egunak nola doazen ikustean erabakiko dugu nola jarraitu. Ez dugu epe motz eta ertainerako aurreikuspenik. Beldur pixka batez eta errespetu handiz hasi gara, baina berriz ekin behar zitzaion jardunari». Azalpena Yolanda Solisena da, Gure Toki Plaza Barriko tabernaren jabeetako batena.

Tabernariek ondo pentsatu behar izan dute lehen fasean ireki ala ez. Neurri horiekin ez da erraza kontuak garbi ateratzea, eta, horregatik, itxita zeuden Bilboko taberna askok «Horrela ez» zioten afixak jarri zituzten euren pertsianetan. Izan ere, estatistikoki oso gutxi izan ziren lozorrotik atzo esnatu ziren negozioak, Bilboko hiriburuan terraza jartzeko 1.185 lizentzia baitaude.

Ireki zutenetako bat Yolanda Ruiz izan zen. 19 urte daramatza Plaza Barriko Urdiña taberna gobernatzen. «Gastu finkoak hor daude, eta haiei aurre egiteko ireki dut. Hilabete luzeak izan dira, eta diru sarrerak behar ditugu». Kafeak atera zituen batez ere, ez zelako ausartu jatekorik egiten. Ez zekien pintxorik zerbitzatu zitzakeen edo bakarrik etxera eramateko moduan jar daitezkeen. «Oraindik neurri asko argitzeke daude».

Irekita zeuden negozio guztietako beste bereizgarri bat izan zen jabeak lanean ikustea. Solistarrak, esaterako. «Hiru anai-arrebok ireki dugu. Autonomoak gara, eta, gutaz gain, hamar zerbitzari ditugu erregulazioan, eta oraingoz ezin diegu deitu. Zalantza asko daude». Ez zen bakarra, tabernari guztiek nabarmendu zuten ez dela urte normala izango, ezta astea ere, eta ezin zuten ziurtatu bihar eta etzi irekiko duten.

Harrera elektronikoa

Hotel eta pentsioentzat ere lehen eguna zen atzokoa, eta Bilbon pare batek ireki zuten: Ercilla hotelak eta H30 pentsioak. Jaurlaritzak larunbatean esan zuen mugikortasun neurri zorrotzak direla-eta langileak bakarrik har ditzaketela. H30k, esaterako, Arabatik joaniko langileen bi erreserba baino ez ditu aste honetarako. Ostatuetan, gainera, jantokiak eta beste gune komunak itxi egin behar dira.

H30k ez du arazo hori; ez du jantokirik, giltza jasotze eta uzte sistema makina baten bitartez egiten du, eta garbitzaileak ez dira gurutzatzen bezeroekin. «Kontrol neurrietara oso ondo egokitzen den negozio eredu bat da, baina, hala ere, guztioi kostako zaigu krisi honi buelta ematea. Pentsa, apirilean eta maiatzean %95etik gorako okupazioa genuen, eta, orain, ekainerako erreserba batzuk baino ez. Urtea galduta dago, 2021a dugu buruan», azaldu du Ruben Arrizabalaga kudeatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.