Legeak ezarri baino ikasle gehiago pilatu beharko dituzte aurten Tafallako Garces de los Fayos ikastolan. Nafarroako Gobernuak gela gehiago irekitzeari uko egin diola salatu du ikastolak. DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 1. mailako gelan 38 ikasle pilatu beharko dituzte; 3. mailan, 33.
Espainiako Gobernuak murrizketak egiteko jarritako bidea izan da ikasleak are gehiago pilatzea geletan, hartara irakasle gutxiagorekin moldatu ahal izateko. Nafarroako Gobernuak %10 igo ditu gehienezko ratioak aurten. Hala, DBHn, adibidez, 32 estudiante ere jarri ahalko dituzte gelako; orain arte, 30ean zegoen muga. Tafallako ikastolan ratio berri horiek ere gainditu egin beharko dituztela ohartarazi dute. Azken urteetan egoera bera jasaten ari direla salatu dute, gainera: orain 3. maila hasiko duten ikasleen taldean, esate baterako, 35 ziren orain bi urte, 1. mailan; aurreko ikasturtean, 2. mailan, 35 ziren gela berean.
Gobernuarekin hizketan aritu dira, baina ezezkoa jaso dute. Hezkuntza Departamentuak argudio bat erabili du orain arte, ikastolaren esanetan: dozena bat ikasleko gela bat bazutela, eta gaindi zitezkeela ratioak beste geletan. Aurten ez dute horrelakorik —2. mailan 21 ikasle daude, eta 4. mailan, hogei—. Ekainetik bazuen egoeraren berri departamentuak; zer egin «aztertzen» ari dira oraindik.
Egoera gehiago larritzen duten faktoreak badaude, gainera: Hezkuntza Departamentuak adierazi zuen ratioak ez zituztela igoko behar bereziak dituzten ikasleak dauden kasuetan. Ratioak gainditu dituzten bi gela horietan zazpi ikasle daude behar berezikoak.
Nabarmendu dute Tafallako ikastola dela inguruan euskaraz irakasten duen eskola bakarra. Jasotako eskari guztiak onartzen dituzte hori dela eta. Inguru erdalduna da, eta ohartarazi dute talde handiak izateak zaildu egiten duela euskarazko irakaskuntza. Egoera salatzeko, protesta egingo dute ikasleek, irakasleek eta gurasoek, gaur, Tafallako plazan.
Tafallako ikastolan, 38 ikasle gela batean
Bi gelatan, gainditu egin beharko dituzte ratioak; salatu dute Nafarroako Gobernuak gela gehiago jartzeari uko egin diola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu