Albert Bastardas. Bartzelonako Unibertsitateko hizkuntzalaritza katedraduna

«Talde anglofonoa salbu, gizateria elebiduna edo eleaniztuna izango da»

Hizkuntzak ekosistema politiko, ekonomiko eta demografiko baten parte direla dio Bastardasek, eta, eleaniztasun garai honetan, errespetuan oinarritutako hizkuntza ekologia proposatzen du.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
mikel lizarralde
Azpeitia
2011ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Bartzelonako Unibertsitateko Hizkuntzalaritza Departamentuko katedraduna da Albert Bastardas, eta hizkuntza ekologia nahiz iraunkortasuna defenditzen ditu. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hizkuntza ekologiari buruz Azpeitian (Gipuzkoa) antolatutako jardunaldian hartu du parte.

Zertaz ari gara hizkuntza ekologia aipatzen dugunean?

Ekologiaren kontzeptu batzuk hizkuntzen arloan ere aplika daitezke. Hizkuntzak bere testuinguruan ikertu behar ditugu, horrek hizkuntzen bizitza eta baita heriotza ere ulertzeko pistak ematen dizkigulako. Hizkuntzak ez dira beren kabuz bizi. Hiztunen esku daude, eta hiztunak testuinguru batean bizi dira, ekosistema politiko, ekonomiko eta demografiko batean. Horregatik, ekologiak asko laguntzen digu hizkuntzen garapena, hazkundea eta desagertzea ulertzen, eta baita aniztasuna bermatzen ere. 90eko hamarkadan indartu zen hizkuntza ekologiaren kontzeptua, eta, horrekin batera, baita hizkuntza iraunkortasunarena ere. Ekologiak izan dezakeelako erreakzio jarrera batean gelditzeko tentazioa. Mehatxuei aurre egitearekin nahikoa izatea. Iraunkortasunak, aldiz, aktibo izatera behartzen gaitu. Mundua birpentsatu behar dugu, garapen ekonomiko eta soziala oinarrizko ingurumen sistemen mantentzearekin bateragarria izan dadin.

Eta horrek ere balio dezake hizkuntza iraunkortasuna bermatzeko?

Hori da. Zein dira hizkuntza iraunkortasunaren etsaiak? Bada, hizkuntza orokorren hedapena. Mundu mailako elkar komunikazioa ahalbidetzen digulako, baina, era berean, giza taldeen berezko hizkuntzekin talka egin dezakeelako. Gai honen inguruan jarrera ezberdinak daude. Batetik, unibertsalistak daude, hizkuntza orokor batekin nahikoa dugula diotenak. Bestetik, beste muturrean, etxeko hizkuntzaren defentsan munduarekiko isolamendua planteatzen dutenak daude. Mundu garaikidean, ordea, ez bata eta ez bestea ez dira bideragarriak. Eta pentsatu behar dugu nola antola dezakegun bi elementuen bizikidetza. Onartuta gizateriarentzat ona dela elkar ulertzea, baina ona dela, era berean, gizateriarentzat bioaniztasun linguistikoa bermatzea.

Elebitasunak zer ondorio ditu hizkuntza ahulenetan?

Diskurtso klasikoak dio elebitasunak ordezkapen linguistikoa dakarrela, hizkuntza ahulena desager daitekeela. Baina hori egoeraren araberakoa da. Luxenburgon eta Suedian elebidunak dira, baina ingelesa menderatu arren, ez dute baztertu beren jatorrizko hizkuntza. Izan gaitezke eleaniztunak, berezko hizkuntzari bere funtzioak bermatuta.

Gure kasuan, hizkuntza orokorraz gain, baditugu bizilagunak diren beste bi hizkuntza. Zer rol betetzen dute gaztelaniak eta frantsesak?

Orain arte mehatxu izan dira euskararentzat eta katalanarentzat, politika espantsionista egin dutelako. Frantzian nahiz Espainian politika uniformizatzaileak izan dira irabazle, eta ez da errespetatu aniztasuna. Eta gure erronkak izan behar du, hizkuntza horiek duten lekua errespetatuta, berezko hizkuntzentzako funtzioak eta esparruak berreskuratzea.

Baina bi hizkuntza horien defentsan aritzen direnek errespetatzen dute hizkuntza aniztasuna?

Ez asko. Frantziaren kasua nabarmena da. Estatu nazioaren ikuskerak berak ez du onartzen aniztasuna. Espainiako kasuan asko aurreratu da, baina oraindik ere, ez da estatuaren aniztasun linguistikoa erabat onartzen. Hitzen gainetik, estatuak ez du ezer egiten aniztasunaren alde. Eta aniztasuna ez da mehatxua, estatu nazioaren pentsamoldeak hala ikusi arren.

Hizkuntzen arteko berdintasunak ezberdintasuna dakarrela diozu. Zergatik?

Berdintasun politikak hizkuntza taldeen boterea eta errealitatea kontuan izan gabe sustatzen baditugu, berdin-berdin tratatzen ditugu egoera ezberdinean dauden hizkuntzak. Eta hori diskriminatzailea da bere horretan. Benetako berdintasuna lortzeko, politika ezberdinak sustatu behar dira hizkuntza batentzat eta bestearentzat. Ekitatea behar da, behar handiagoak dituen hizkuntzak oreka lor dezan. Gaztelaniak ez du salbatuko duen inor behar! Bera bakarrik salbatzen da! Zeinek egingo dio uko erabilera unibertsala duen hizkuntza bati? Baina horrek ez du ekarri behar gaztelaniarekin elkarrekin bizi daitezkeen beste hizkuntzen baztertzea.

Azken urteetako iraultza teknologikoak nola eragin du edo eragingo du hizkuntzen ekologian?

Mundua aldatzen ari da, eta gaurko egoerak ez du zerikusi handirik orain dela 40 urtekoarekin. 70eko hamarkadan euskara eta katalana gaztelaniarekin egon zitezkeen gatazkan, baina XXI. mendean mundu globalizatu batean bizi gara. Garai glokal batean, hobe esanda. Globalizazioa lokaltasun saihestezinetik bizi dugu. Eta, horren ondorioz, etorkizunean, talde anglofonoa salbu, gizateria elebiduna edota eleaniztuna izango da. Ezinbestez. Hizkuntzen arteko harremanak inoiz baino garrantzitsuagoak izango dira. Eta horrek ez du eragingo hizkuntza gutxituetan bakarrik. Espainian, Frantzian eta Italian pentsatzen zuten beren elebakartasunarekin aurrera egin zezaketela. Eta ez da horrela.

Euskarak eta katalanak, adibidez, zer toki izango dute mundu horretan?

Funtzioak zehaztea da garrantzitsuena. Europan, adibidez, estatu hizkuntza guztiak onartuta, pentsatzen dute konpondu dutela arazoa. Baina praktikan ez du funtzionatzen. Eta, modu naturalean, ingelesak elkar ulertzeko hizkuntzaren rola hartu du beretzat. Eta funtzioak ez badira zehazten, ingelesak segituko du esparruak bereganatzen. Eta jakin behar dugu ingelesak zein funtzio dituen eta estatuetako hizkuntzek zein dituzten. Eta berezko hizkuntzak egin dezakeena ez du hizkuntza orokorrago batek egin behar. Euskaraz edo katalanez egin daitekeena egin dezagun euskaraz edo katalanez. Eta ezin dugunean, erabil dezagun hizkuntza orokortuago bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.