Talidomidak eragindako jaiotzatiko malformazioak dituztenei kalte-ordainak jasotzeko eskubidea aspaldi agortu zitzaiela esan die Espainiako Auzitegi Gorenak. Haren arabera, kaltetuek 18 urte bete eta urtebetera eska zitzaketen beranduenera. Atzo eman zuen epaia, aldeko zortzi boto eta aurkako batekin. Avite kaltetuen elkarteak Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eta Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzeko asmoa iragarri du. «Ohituta gaude halako zartakoak hartzera, baina borrokan jarraituko dugu bidezkoa dena lortu arte», iragarri du Ignacio Martinez elkarteko abokatuak.
Lortutakoa kendu diete, bigarrenez. Izan ere, 2013an Madrilgo Lehen Auzialdiko 90. Epaitegiak kaltetuetako bakoitzari 20.000 euro ematera zigortu zuen Alemaniako Grunenthal botika etxea, talidomida ekoitzi eta merkaturatu zuen enpresa. Beste herrialde batzuetan aspaldi ordaindu zituen. Baina iazko urrian Madrilgo Lurralde Auzitegiak bertan behera utzi zuen epaia, eskatzeko epea amaituta zegoela iritzita. Avitek helegitea ipini zuen Auzitegi Gorenean, baina atzoko epaiaren bitartez atzera bota du: Madrilgo Auzitegiaren erabakia berretsi du.
Fiskaltzaren txostenak ere kaltetuen helegitea babestu du. Haren arabera, talidomidak eragin dizkieten kalteek «eboluzioa izango dute eriak bizi diren bitartean», eta «hil arte ez da jakingo zenbatekoa ondorioak sufritu beharko dituzten». Aviteko ordezkariek ez dute ulertzen fiskalaren idatzia irakurri ostean Auzitegi Gorenak erabaki hori hartu izana.
Izaskun Etxanizek (Urretxu, Gipuzkoa, 1962) ere ez. Amak talidomida hartu zuen, eta berak malformazioak ditu. Esperantzarik ez du egundo galdu, baina aitortu du ez duela sorpresarik hartu: «Espainian asko hitz egiten da gizarte eskubideez eta Europako diru laguntzez, baina gu estatuarentzat harea garau bat baino ez gara, garrantzi gutxiko zerbait». Haren iritzian, erabaki politikoa da kalte-ordainak ukatzea. «Estatuak gure arazoari konponbiderik eman nahi izango balio, orain arte izan du horretarako aukerarik». Esate baterako, Avitek 300 kasu inguru zenbatuta dauzkan arren, Espainiako Gobernuak soilik 24 laguni aitortu die talidomidaren biktima direla.
Auzitegi Gorenak ez ditu bide guztiak itxi. Etorkizunean gaur egun oraindik ezagutzen ez diren malformazio edo kalteak agertuko balira kaltetuek ordaina eskatzeko aukera izango luketela dio epaiak. Baita orain ezagutzen diren kalteak larrituko balira ere.
Talidomidaren biktimei kalte-ordaina eskatzeko eskubidea ukatu diete
Espainiako Auzitegi Gorenaren arabera, adindun bihurtu eta urtebetera eska zitzaketen beranduenera.Kaltetuen elkarteak iragarri du Auzitegi Konstituzionalera eta Estrasburgora joko duela

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu