«Gure herrian zabaldu den aro politiko berrian, torturaren gaia mahai gainean jarri nahi dugu». Azken asteetan eta urteetan torturatuak izan diren pertsonak eta euren senideak alboan zituela, Ane Ituiño Torturaren Aurkako Taldeko kideak ozen salatu du tortura Euskal Herrian «errealitate gordina» dela oraindik ere, eta TATek salatu du Espainiako Gobernuak eskaera horiei muzin egin diela inkomunikazioa amaitzea eskatu arren Amnesty Internationalek, Nazio Batuen Erakundeko begiraleek, nazioarteko hainbat abokaturen elkargok eta Eusko Legebiltzarrak. «Torturarekin amaitzea guztion ardura da», esan du. Hori dela eta, herritarrei dei egin die urriaren 30ean Torturarik ez lelopean Donostian egingo den manifestaziora.
Iruñean egindako prentsaurrekoan, Ane Ituiñok agiri bat irakurri du euskaraz eta Joseba Compainsek gaztelaniaz. Agiri horretan, «gaiaren larritasuna dela medio», lau puntuko eskaera bat mahai gaineratu dute. Lehenik, irmo diote tortura ez dela salbuespenezko praktika bat, «tortura errealitate bat da Euskal Herrian». Horregatik, tortura «behin betiko» amaitzeko eskatu dute, eta «inor gehiago torturatua izan ez dadin beharrezko neurri eta bermeak» hartzeko exijitu dute.
Bigarrenik, eskatu dute torturatuak izan diren herritarrei eskaini egin behar zaizkiela torturaren ondorioak gainditzeko beharrezkoak zaizkien bideak. Hirugarrenik, diote amaitu beharra dela torturak egun duen «zigorgabetasuna». Azkenik, erakunde publikoei eskatu diete tortura amaitzeko «konpromiso argiak» hartzeko: «Horretarako, eman behar den lehenengo pausoa inkomunikazioa amaitzea da».
Iruñeko agerraldian, Ane Ituiñoren eta Joseba Compainsen alboan ziren honako hauek ere: Maite Orue, 2005ean torturak salatu zituen; Jesus Mari Besance, azken polizia operazioan atxilotutako Juan Carlos Besanceren anaia; Joxe Antonio Portu eta Mari Jose Juanena, Igor Porturen gurasoak; Martin Sarasola, Mattin Sarasolaren aita;Kontxi Igerategi, Gurutze Ianziren ama; eta Maite Golmaio, Xabier Kalparsororen ama. Haien atzean, berriz, azken urteetan torturak salatu dituzten hainbat herritar eta senide zeuden.
Ituiñoren arabera, azken 50 urteetan «ia 10.000 euskal herritarrek» torturak eta tratu txarrak salatu dituzte. «Ez gara lehenaldian ari, orainaldian baizik», aipatu du, eta gogoan hartu duteEspainiako Gobernuak inkomunikazioa erabiltzen jarraitzen duela «torturari bide emanez». Gaineratu dute torturaren eragina ez dela polizia etxeetan amaitzen. «Torturapean egindako deklarazioak froga bezala erabiltzen dira auzitegietan, eta froga horiek herritarrak zigortzeko baliatzen dira».
Salaketak «jomugan»
Euskal Herrian fase politiko berri bat irekitzen ari den honetan eta «giza eskubide guztien bermeaz» hitz egiten ari den honetan, garrantzi berezia eman dio TATek tortura amaitzeari. Agirian, gogora ekarri du Estrasburgok Espainiako Estatua zigortu berri duela tortura salaketa bat ikertu ez duelako. Horrekin batera, urriaren amaieran, Donostiako epaitegian, hainbat guardia zibil eseriko diraakusatuen aulkian, Mattin Sarasola eta Igor Portu torturatzea leporatuta. Hilabete amaieran, Maite Orue 2005ean torturatzea egotzita, Espainiako hainbat polizia epaituko dituzte Madrilen.
Ituiñok salatu du tortura ezkutuan edukitzeko ahalegina «aspaldikoa» dela, baina nabarmendu du uneotan tortura salaketak «zigorraren jomugan» daudela: «Torturatuak izan diren herritarrak auzibidean jarri dituzte eurek jasandakoa salatu izanagatik, eta haien abokatuak auzibidean jarri dituzte hain zuzen bezeroak jasan duena salatu izanagatik».
TATek torturaren aurkako manifestazio batera deitu du urriaren 30erako Donostian
Zigorgabetasuna eta inkomunikazioa amaitzeko «konpromiso argiak» hartzeko eskatu diete erakunde publikoei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu