Berdintasuna

Teknologiarik ez, giza zientziarik gabe

Maria Angeles Salle doktoreak zientzia eta teknologia sektoreko genero arrakalak aztertu ditu. Emakumeek subjektuei bideratutako lanak egin ohi dituzte, eta gizonek, berriz, objektuei zuzendutakoak.

Maria Angeles Salle doktorea berdintasunari eta zientziari buruzko biltzarrean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko urriaren 23a
16:21
Entzun 00:00:0000:00:00

Emakume asko dabil zientzian lanean, baina ez hainbertze teknologian. Hori argi du Maria Angeles Salle Gizarte Zientzietako doktore eta garapen sozioekonomikoko, berdintasuneko eta gizarte digitaleko politika publikoetako adituak. Halaxe esan du Sallek gaur, Emakundek Donostian antolatutako Berdintasuna, zientzia eta teknologia biltzarreko lehenbiziko solasaldian, Zientzia, teknologia eta berrikuntza berdintasunean, berdintasunez eta berdintasunerako: txipa aldatu behar da izenekoan. Eta galdera bat egin du: «Mundu honek alde batera utzi dezake talentu kualifikatuaren erdia baino gehiago?».

Zientziaren eta teknologiaren arloan ere sexuaren arabera daude banatuta lan eremuak, Sallek azaldu duenez. Subjektuari bideratutako lanetan daude emakume gehienak: bioteknologian, biokimikan eta medikuntzan, adibidez; objektuei bideratutako alorretan, berriz, gizonak dira nagusi, eta horiek biltzen dira, hain justu, aurrerapen gehien. «Argi izan behar dugu: objektu bat subjekturik gabe ez da ezer». Hau da, «arriskutsua» suerta daiteke teknologia garatzea giza zientziak eta horiek ezagutzen dituzten adituak –hein handi batean, emakumeak– kontuan hartu gabe.

Sallek nabarmendu du arazoa zientzia eta teknologiaren «ekosistema bera» dela, eta egitura hori berdintasunerantz begira jarri behar dela: «Aldaketak aldebikoa izan behar du, eta sistema aldatzea ere ezinbestekoa da. Karga guztia ez dute emakumeek izan behar». Alor horretako genero arrakalak, beraz, ezin dira testuingururik gabe aztertu: «Sistemikoa da: gizarte osoak eragin du egoera hori». Izan ere, gaztetatik neskek ikasketetan askoz maila hobea badute ere, alor teknologikoetako ikasketak ez zaizkie erakargarriak iruditzen; bai giza zientzietatik urruntzen dituztelako, bai pentsatzen dutelako baldintza kaskarragoak izanen dituztela edo beren helburuak alde batera utzi beharko dituztela sektorean lehiakorrak izateko.

Ikasketa zehatzagoak hautatu behar dituztenean, gainera, teknologia arloko ikasketak hautatzen dituzten neska gehienek erreferenteren bat izan ohi dute familian. Hala, Sallek gogora ekarri du objektu-subjektu segregazio horren arrazoietako bat: «Objektuei bideratutako teknologian, erreferente eta ikusgaitasun falta handia dago». Hortaz, azpimarratu du ezen, «talentu berriak» erakartzeko, sektorean daudenak bertan mantendu behar direla, eta, zientzia eta teknologia arloetatik at, giza zientzietan lan egiten duten emakumeak ere ahaldundu behar direla.

Erabakiguneetatik at

Sistemak berak bultzatuta, beraz, etorkizuna erabakitzen den guneetatik kanpo gelditu ohi dira emakumeak: «Bizi dugun bazterketa onartezina da». Izan ere, zenbait adituk erraten badute ere emakumeek ez dutela erabakiguneetan egon nahi, Sallek argi utzi du ez dela hala, eta anitz dutela errateko.

Emakumeek «iruzurgilearen sindromea» maizago pairatu ohi dute gizonek baino: bikaintasuna bilatu ohi dute une oro, eta pentsatzen dute ez dutela egin behar bertze lan egin. «Emakume batek huts bat egiten badu, pentsatzen du ez duela balio, eta arrakasta badu, zortea izan duela. Lan inguruneak aldatu behar direla pentsatu ordez, iruzurgilearen sindromeak emakumeengana zuzentzen dugure begirada», borobildu du.

Emakumeek, beraz, lan gehiago egin behar izaten dute, lan arloan ere zaintza lan gehienak haien esku egon ohi direlako gehienetan. Bekadunei harrera egitea, lantaldearen arteko gatazkak konpontzea eta akta jasotzea, adibidez, haiei egokitzen zaie. «Lan ikusezin horiek ez dira aitortzen, baina ikerketek diote emakumeen lanaldiaren hilabete oso bat direla», erran du Sallek. Egoera horri konponbidea eman behar zaiola adierazi du, eta zientzian eta teknologian eratu behar den ekosistema berrian berdintasuna txertatu behar dela, «ahal bezain azkar».

«Paradigma aldaketa»

Marko aldaketa hori izan du hizpide Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak: «Paradigma aldatu behar da, berdintasuna modu sistematikoan txertatzeko». Berak ireki du biltzarra, eta erran du «berdintasuna azkarrago lortzeko» nazioarteko egitasmoekin lerrokatuta dagoela Euskal Autonomia Erkidegoa. Hala, bere gobernuaren helburua izanen da datorren belaunaldia «berdintasunaren belaunaldia» izatea.

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua ere mintzaldian izan da, eta biltzarraren nondik norakoak azaldu ditu. Nabarmendu du gaurko eta biharko saioetan «zientziaren eta teknologiaren arloko eragile guztien konpromisoa bilatuko duten etorkizunerako proposamenak» eginen direla.

Gaurko egitarauan bi hitzaldi eta bi mahai inguru egonen dira goizean, eta lau tailer arratsaldean. Bihar, berriz, goizean soilik egonen dira jarduerak: bertze hitzaldi bat eta bi mahai inguru eginen dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.