euskal herria

Telmo Deun emakumezkoen arraun taldeak eta Elikagai Bankuak jasoko dute Sabino Arana saria

Juan Maria Uriarte apezpikua, Gasteizko Santa Maria katedrala, Cafes Baque enpresa eta Juan Eduardo Errazuriz enpresaria ere sarituko dituzte.

Zumaiako Telmo Deun arraun taldeko arraunlariak, Kontxako garaipena ospatzen, irailean. JUAN CARLOS RUIZ, ARP
2013ko abenduaren 20a
15:41
Entzun 00:00:0000:00:00

Sabino Arana sariak urtero ematen ditu EAJren sortzailearen izena duen fundazioak, gizartearen zerbitzuan aritzen direnak saritzeko. Zumaiako emakumezkoen arraun taldeaz argudiatu du arraunlariek frogatu dutela lana eginez gailurrera iritsi daitekeela, eta horren adibide jarri du. Telmo Deun arraun taldeak Euskotren liga eta Kontxako estropada irabazi ditu aurten.

Elikagai Bankuaz nabarmendu du ehunka boluntariok pobreenak laguntzeko eta elikagaien xahutzearen kontra egiteko aurrera eramandako lana. "Muga politiko, erlijioso eta kultural ororen gainetik elkartasun adibide da", jakinarazi dute ohar baten bidez Juan Mari Atutxa fundazioko presidenteak eta Irune Zuluaga zuzendariak.

Uriarteri buruz esan dute bakearen eta elkarbizitzaren alde lan egin zuela eta giza eskubideak defendatu zituela "guztientzat". "Juan Maria Uriarteren hitzek argia eta itxaropena dakarte", azaldu dute. Uriarte Aznarren gobernuaren eta ETAren artean bitartekari izan zen 1998ko su-etenean.

Santa Maria katedrala zaharberritze prozesuagatik saritu du. Cafes Baque enpresa, berriz, ia ehun urteko ibilbidean bere esparru soziala eta instituzionala mantentzen jakin duelako. Azkenik, Errazuriz euskal-txiletar enpresariaz esan du munduan enpresa ekimenak sortu eta kudeatzeko gai izan dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.