Etxebizitza

Tentsio handiko eremuak izendatzeko aukera da legearen berritasun nagusia

Espainiako Etxebizitza Legeak arautzen dituen tentsio handiko eremuetan alokairuen prezioen igoera mugatzea dagokie erakundeei

Etxebizitza legea idatzi zuten PSOEko diputatuak, onartu zen egunean, Diputatuen Kongresuko atarian. JAVIER LIZON / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Maiatzaren 26tik dago indarrean Espainiako Etxebizitza Legea; hilabete lehenago onartu zuen Diputatuen Kongresuak, Espainiako Gobernua osatzen duten alderdien —PSOEren eta Unidas Podemosen—, EH Bilduren eta ERCren babesarekin. Legearen helburua da «etxebizitza duin eta egoki bat izateko eskubidea bermatzea». Autonomia erkidegoetako etxebizitza politikei «arau esparru koherente, egonkor eta segurua» ematen die legeak, testuak berak dioenez.

Legearen lorpen nagusietako bat tentsio handiko eremuak izendatzeko aukera da. Tentsio handiko eremuak ezartzeko bi baldintza daude, eta bata zein bestea betetzea nahikoa izango da leku jakin batzuk horrela izendatzeko. Batetik, hipoteken edo alokairuen kostua —gehi gastuak— familien batez besteko errentaren %30 baino handiagoa izatea; eta, bestetik, etxebizitzen salmenta edo alokairu prezioa gutxienez KPIa baino hiru puntu gehiago igo izana tentsio handiko eremu izendatu aurreko bost urteetan. Autonomia erkidegoetako gobernuei dagokie udalerri edo auzo bat tentsio handiko eremu izendatzea.

Erakunde publikoek aukera dute eremu horietan etxebizitza larrialdiari aurre egiteko hainbat neurri hartzeko. Alokairuen prezioen igoera mugatzeko aukera da aipagarriena. Tentsio handiko eremuetako jabeek %2 igo ahalko dute alokairua aurten, eta %3 2024an. 2025eko indizea erabakitzeko dago oraindik, baina KPIaren azpitik egon beharko du, legearen arabera.

Gainera, erkidegoek jabe handien definizioa aldatu ahalko dute. Orain, hamar higiezin edo gehiago dauzkatenak hartzen dira jabe handitzat, baina lege berriarekin, bost higiezinetan jarri ahalko da langa tentsio handiko eremuetan. Legeak dio derrigortuta egongo direla administrazio publikoekin elkarlanean aritzera.

Legearen arabera, halaber, tentsio handiko eremuetan ez ezik Espainiako Estatuaren menpeko eremu guztietan jabeak ordaindu beharko ditu etxe agentzien gastuak alokairuen kasuan, eta ez maizterrak. Nahiz eta kontratua eta maizterra berria izan, jabeek ezingo dute alokairua KPIaren gainetik igo tentsio handiko eremuetan. Maizterrek dokumentazioa eskatu ahalko diote jabeari, egiaztatzeko ez duela iruzurrik egin.

Gainera, legeak ezartzen du jabe txikiei hobariak ezarriko dizkietela zergetan alokairuen prezioak jaitsi ditzaten —jabe txikitzat jotzen dira tentsio handiko eremuetan hamar higiezin baino gutxiago dituztenak, edo gainerako eremuetan bost baino gutxiago dituztenak—. Prezioa %5 edo gehiago murrizten badute, %90 arteko hobaria ezarriko diete PFEZean, tentsio handiko eremuetan. Etxe hori alokairu sozialean jartzen badute edo 35 urtez azpikoei alokatu, hobaria %70ekoa izan daiteke.

Bestalde, legeak debekatu egiten du etxe publikoak enpresa pribatuei saltzea 30 urtez. Legeak dio administrazio publikoak derrigortuta daudela lur publiko «egoki nahikoa» gordetzera, babes publikoko etxeak egon daitezen.

Etxegabetzeei dagokienez, etxe kaleratzearen egunaren eta orduaren berri izan behar dute etxe horretan bizi direnek, legez, etxebizitza legearen ondorioz.

Mozioak udaletan

Kaleratzeak Stop-ek mozioak erregistratu ditu Gipuzkoako hainbat udaletan, udalerri horiek tentsio handiko eremu izenda ditzatela eskatzeko. Donostiako Udalean maiatzaren 4an onartu zuten, eta Errenterian, hilaren 18an. Eibarren ere arrakasta izan zuen mozioak —asteazkenean onartu zuten—, eta Irungo Udalean atzo onartu zuten. Iragarri dute Lasarte-Orian antzeko mozio bat irailean bozkatuko dutela.

Kaleratzeak Stop taldeak «aitzakiatzat» jo du Eusko Jaurlaritzak eskumenen urraketa argudiatu izana etxebizitza legeari helegitea jartzeko. Nabarmendu dute tentsio handiko eremuak izendatzea «ezinbestekoa» dela, alokairuen prezioak garestiak direlako, eta, oro har, «etxebizitza larrialdia» dagoelako Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.