Koronabirusa

«Tentsioa» ospitaleetan

Beste 505 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Gaitza zuten zazpi pertsona hil ziren iragan astean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zamudioko zahar etxe batean 18 positibo izan dira

Iruñeko ospitaleko osasun langileak, gaixo bat artatzen babeserako ekipamenduekin, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Egunetik egunera gehiago dira Hego Euskal Herrian gaitzaren ondorioz erietxeetan sartzen diren pertsonak: astelehenean 19 izan ziren; herenegun, 23, eta azken orduetan, 26. Orain 168 eri daude ospitaleraturik, horietatik hamabost zainketa intentsiboetako unitateetan. «Tentsio apur bat» igartzen hasi dira osasun sisteman, Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariaren hitzetan, egoerari aurre egiteko «prest» dauden arren. Izan ere, kasuen larritasuna areagotzen ari den seinale da ospitaleratzeak ugariagoak izatea, eta horrek beste ondorio bat dakar: heriotzak. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, abuztuaren 3tik 9ra, birusa zuten zazpi lagun hil ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; horietako bost gaitzaren ondorio zuzenengatik. EAEko COVID-19aren kontrol planaren koordinatzaile Ignacio Garitanok ohartarazi du kutsatzeek areagotzen jarraitzen badute horixe izango dela aurrerantzean ikusiko dena: ezaugarri kliniko gero eta larriagoak, ospitaleratze luzeagoak, ZIUetan jende gehiago eta, okerrenean, hildakoak.

Azken asteak gorabeheratsuak dira. Herenegun, kasuak urritu egin ziren Hegoaldean, eta atzo, berriz, nabarmen egin zuten gora: 505 positibo atzeman zituzten, 181 gehiago. Datuon atzean, baina, bada kontuan izan beharreko beste faktore bat: 9.153 PCR test egin dituzte azken orduetan, herenegun baino ia 3.000 gehiago. Bizkaian 229 kasuren berri eman dute; Nafarroan, 142 positibo atzeman dituzte; Araban, 72; eta Gipuzkoan, 53. Jaurlaritzak jakinarazi du erkidegotik kanpo bederatzi positibo detektatu dituztela. Ziburun (Lapurdi), bestalde, hamahiru kasu atzeman dituzte, eskualdeko osasun agentziak jakinarazi duenez. Horietatik hamar euskal herritarrak dira. Itsasontzi batean eginiko festa pribatu batean du jatorria agerraldiak, eta astelehenean Ortzaizen (Nafarroa Beherea) atzeman ziren hiru kasuak ere agerraldi horrekin lotuta leudeke.

Zahar etxeetan ere izan dira kasuak azken orduetan. Zamudioko (Bizkaia) Truiuondo zahar etxean 18 positibo atzeman dituzte gutxienez, EITBk jakinarazi duenez: horietatik 15, egoiliarren artean.Bestalde, kasu bat atzeman duteDonostiako zahar etxe bateko egoiliarren artean, eta beste bat Bilbon. Gasteizen, positibo eman du eguneko zentro bateko erabiltzaile batek. Nafarroako egoiliar guztiei, berriz, kasuen prebentziorako, PCR eta immunitate frogak egingo dizkiete irailetik aurrera.

Ardura eta inplikazioa

Santos Indurain Nafarroako Osasun kontseilariak atzoko agerraldian esan zuen uda «zaila» izaten ari dela, eta aitortu zuen inork ez zituela halako datuak espero: «Osasun langileek atseden hartzeko eta normaltasun berrira itzultzeko izan behar zuten garai hauek, baina ez da hala izan». Abuztu hasierako datuak lasaigarriagoak izan ziren, baina azken egunetan uztaileko datu altuetara itzuli da herrialdea. Kutsatzeak eteteko lehen urratsa kontaktuak gutxitzea dela adierazi zuen Indurainek, eta gizartearen inplikazioa eskatu zuen horretarako: «Ezin ditugu lehen egiten genituen gauza berak egin, ezta modu berean ere». Carlos Artungo Osasun Saileko zuzendari nagusiak ere behin eta berriz eskatu zien herritarrei inoiz baino arduratsuago jokatzeko, eta kontuan izateko, une oro, harremana dugun edozein pertsona kutsaturik egon daitekeela.

Kasuak ahalik eta azkarren atzematea da, Indurainen esanetan, beste gakoetako bat. Horregatik, Nafarroako Osasun Sailak indartu egingo du aztarnarien lantaldea: 54 aztarnari arituko dira une oro kontaktuen jarraipenak egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.