Ezker abertzalearen arabera, Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak sustatzen duen «tentsio eta giro garratzezko» politikak ez dio mesede egiten normalizazio politikoari. Komunikabideei igorritako prentsa ohar batean, ezker abertzaleak salatu du Herrizaingo sailburua «manifestazio eta adierazpen eskubide oinarrizkoen urraketa etengabea» bultzatzen aritu dela udara osoan.
«Aresek bultzaturiko tentsioa eta giro garratza sortzeko politika horrek ez du batere laguntzen normalizazio politiko eta demokratikoko prozesuan aurrera egiten, biltze, manifestazio eta adierazpen eskubideen moduko oinarrizko eskubideak etengabe urratzeaz gainera». Hitz horiekin erantzun die ezker abertzaleak Rodolfo Aresek atzo eginiko adierazpenei.
Udako jaien balantzea egin zuen atzo Aresek, eta nabarmendu zuen Herrizaingo Sailak bultzatu duen politika dela-eta Euskal Herriko kaleetatik indarkeria «desagertu» dela, eta «gune publikoak askatasunerako eta elkarbizitzarako behin betiko berreskuratu» direla. Ezker abertzalearen arabera, Aresen adierazpenak «zinismotik gertu» daude. «Horren adibide dira mobilizazio eta aldarrikapen ekitaldien debekuak, mobilizazio batzuen ibilbide edo kokaleku aldaketa, propaganda politikoaren ezabatzea edota euren eskubideak gauzatzeagatik hainbat herritarren aurkako salaketak. Gainera, Ertzaintza maiz sartu da jai eremuetan jarrera probokatzaile garbiarekin».
«Ez diegu ezer zor»
Herrizaingo sailburuak atzo jakinarazitako datuen arabera, uda honetan bost «kale borroka ekintza» egon dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iaz, 35 izan zirela nabarmendu du, eta jaitsiera hori Herrizaingo Sailak «erradikalen aurka» izan duen jarreragatik gertatu dela adierazi du. «Indarkeriazko ekintzen murrizketa ez da mundu horren opari bat edo haien meritua. Ez diegu ezer zor», nabarmendu du Aresek.
«Tentsioa» sortzea leporatu dio ezker abertzaleak Rodolfo Aresi
Uste du Herrizaingo Sailak uda guztian hartutako neurriek ez diotela mesederik egin «normalizazioari»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu