Beste urrats bat. Hego Euskal Herriko lurraldeak hirugarren fasera igaroko dira astelehenetik aurrera, Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez. Hirugarren fasean, baina, mugikortasuna erkidegoen barnera mugatuko da. Nafarroatik EAEra eta, alderantziz, EAEtik Nafarrora, ezin izango da normaltasunez pasatu. Hirugarren fasearen luzera eta baldintzen ardura eta erkidegoetako lehendakariek izango dituzte. Beraz, fase berriaren ezaugarriak Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak zehaztu behar dituzte. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak aurreratu ditu hirugarren faseko baldintzak, zenbait arlotan izaera murriztailea izango dutenak. Neurri berrien artean, peña eta elkarte gastronomikoen irekiera aipatu daiteke edo terrezen edukiera %75era zabaltzea. Tabernetako barrak, aldiz, momentuz ezin izango dira erabili. Aire libreko kultur ekitaldien gehienezko edukiera 400 pertsonakoa izango da.
Hirugarren fasearen osteko egoeraren baldintzak ('normaltasun berria' deiturikoenak) Espainiako Gobernuak ezarriko ditu datorren astearteko Ministroen Kontseiluan.
Hiru hildako gehiago. Fasez fase aurrera egin arren, momentuz ez iritsi zero egunik, hau da, kutsatu eta hildakorik gabeko eguna. Gaur, beste hiru hildako zenbatu dituzte, koronabirusarekin lotuta. Hirurak EAEn izan dira. Guztira, martxoaren hasieratik, 2.089 hildako. Ospitaleratu berririk ez da zenbatu. Zaintza intentsiboetako unitateetan 31 pertsona daude (atzo baino bat gutxiago). PCR proba bidez, 14 positibo berri atzeman dituzte: bi Araban, bi Bizkaian eta hamar Nafarroan. Azkenaldian, Nafarroako positibo kopurua Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeena baino handiagoa izaten ari da. Birusaren eragin handiagoa eta moteltze abiadura txikiagoa adieraziko luke joera horrek.
Seroprebalentzia azterketa. Espainiako Gobernuak eta Karlos III.a Institutuak atzo jakinarazi zituzten seroprebalentzia azterketaren bigarren neurketaren datuak, maiatzaren 18tik ekainaren 1era bilduak. Bigarren neurketa honetan, birusaren intzidentzia gehien izan duen lurraldea Nafarroa izan dela (lehen neurketan Araba izan zen). Nafarroan, %6,4k birusa izan du. Araban, %6,2k, Bizkaian, %3,7k, eta, Gipuzkoan, %2,6k. Azterketa honen arabera, Hego Euskal Herrian 124.000 kutsatu egon dira, test bidez zenbatutakoa halako lau. Hiru kutsatutatik batek ez du sintomarik izan, azterketaren arabera.
Agian honek ere merezi du
Ekonomia ekologikoa. Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira, 'COVID-19 osteko Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde' izenburuko manifestuaren bi sustatzaile elkartu ditu BERRIAk. Mirene Begiristain EHUko Ekonomia Fakultateko irakaslea eta Unai Pascual BC3 Basque Centre for Climate Change zentroko ikertzailea. Egungo abagunea "bidegurutze historikoa" dela diote, eta "norabide aldaketa bat" behar dela aldarrikatzen dute. "Metabolismo sozioekonomiko eta kultural orekatu bat eraiki behar da, naturaren eta bizitzaren mugak errespetatuko dituena".
Azterketak koronabirusaren garaian. Ikasturte amaierarekin, azterketei aurre egin behar diete unibertsitateko ikasleek. Ohi baino zailtasun gehiagorekin. Liburutegian ikasi ezina, denbora gutxiago, kamera piztu beharra, konexio arazoak... Ikasle batzuen kezka eta buruko minei ahotsa eman die Irati Urdalleta kazetariak.
Oharra: Koronabirusaren krisiari buruzko eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu buletinera.