Noiz sortua: 2020-06-05 13:29:43

Hirugarren fasera igaroko da Hego Euskal Herri guztia

Hirugarren fasetik aitzinera, autonomia erkidegoetako lehendakariek izango dute erabakiak hartzeko eskumena. Alarma egoera bukatu arte, etenda egongo dira Nafarroaren eta EAEren arteko joan-etorriak. Nafarroan elkarte gastronomikoak irekiko dituzte, baina tabernetako barrek itxita jarraituko dute. Jaurlaritzak bihar emango ditu hirugarren faseari buruzko azalpenak.

Herritarrak paseoan, Donostiako Ondarreta hondartzaren ondoan.
Herritarrak paseoan, Donostiako Ondarreta hondartzaren ondoan. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larretxea Agirre -

2020ko ekainak 5

Datorren astelehenetik aitzinera, hirugarren fasean izango dira Hego Euskal Herriko lau probintziak. Hori aurreratu dute Espainiako Osasun Ministerioko iturriek, eta, ondotik, baieztatu egin dute Salvador Illa Osasun ministroak eta Maria Jesus Montero gobernuko bozeramaileak. Asteon egin dute hirugarren fasera pasatzeko eskaera Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak.

Hego Euskal Herri guztian batetik bestera ibili ahal izateko eskatu zion Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, baina horrek autonomia erkidegoetako probintzietara mugatu ditu joan-etorriak. Beraz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean mugitzen ahalko da, baina ezingo da Nafarroara joan edo handik atera alarma egoera bukatu arte. Iparraldeko muga, berriz, uztailaren 1ean irekiko dute. 

Hirugarren fasetik aitzinera, erkidegoetako lehendakariek izango dute hirugarren faseari buruzko erabakiak hartzeko eskumena. Urkullu eta Txibiteren esku egonen da hirugarren faseak zenbat iraungo duen, eta beraiek erabakiko dute noiz igaro normaltasun berrira, osasun irizpideak ardatz hartuta. Ez Monterok eta ez Illak ez dituzte fase berriaren ezaugarriak aletu, horiek autonomia erkidegoetako lehendakariek erabaki beharko dituztelako. 

Orain artean bezala, maskara derrigorrez erabili beharko da bi metroko distantzia gorde ezin daitekeen leku publiko guztietan, edo publikoari zabalik dagoen leku orotan. 

Gaur onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak alarma egoera bertze bi aste luzatzea. 

Hirugarren fasea Nafarroan

Illak eta Monterok prentsaurrrekoa bukatu eta berehala atera da Maria Txibite Nafarroako lehendakaria hirugarren faseari buruzko azalpenak ematera. Lehendakaria pozik azaldu du Nafarroa hirugarren fasera pasatzearekin, baina herritarrei mezu argia bidali die: «Azken egunetako emaitza onak berriz lortzeko, beharrezkoa da tentsioa mantentzea». 

Txibitek aurreratu duenez, hirugarren fasean tabernetako gehienezko edukiera handituko dute. Terrezetan %75 izango da edukiera astelehenetik aitzinera, eta barruan, berriz, bi herenekoa. Gainera, ostatu barreneko barrak ezingo dira erabili. Orain arte bezala, bi metroko segurtasun distantzia mantendu beharko da. 

Elkarte gastronomikoak irekiko dituzte hirugarren fasean Nafarroan; ez, ordea, gazteen lokalak. Aire zabaleko kultur ekitaldietan 400 pertsona biltzen ahalko dira gehienez. 

Autonomia erkidegoen arteko joan-etorriez ere mintzatu da Txibite. Aurreratu duenez, ekainaren 15etik aitzinera mugakide dituen lehendakariekin bilduko da normaltasun berrira iristean denek mugak irekitzeko. «Gure asmoa da mugak zabaltzea, baldin eta mugakide ditugun autonomia erkidegoak normaltasun berrian badaude», azaldu du. 

Herritarrei segurtasun eta higiene neurriekin «zorrotzak» izateko eskatu die Txibitek, eta gehiegi ez lasaitzeko eskatu die:«Oraingoz, konfinamendua arintzeak ez du birusaren beste olderik eragin, baina kontziente izan behar dugu hemen ere gerta daitekeela».

Ekainaren 20an hasteko den udaz ere mintzatu da Txibite, eta argi erran du aurtengoa uda «ezberdina» izango dela. Hala, Nafarroako udalei oroitarazi die gobernuak gomendioa egin duela herriko bestak bertan beheiti uzteko. 

Jaurlaritzaren azalpenak bihar

Eusko Jaurlaritzak erran du berri pozgarria dela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hirugarren fasera pasatu izana. «Pandemiaren bilakaerak positiboa izaten jarraitzen du, gero eta kutsatze eta ospitale-presio gutxiago baitago. Euskadik erakutsi du, pandemiaren unerik zailenean, ospitaleko tentsioa bere gain hartzeko gai dela auzolanari esker», nabarmendu du Jaurlaritzak. 

Bihar emango dituzte hirugarren faseari buruzko xehetasunak Arantxa Tapia eta Nekane Murga sailburuek. 

Zahar etxeetarako bisitak

Faseak aurkeztu zituzten egunean zehaztu zuen Espainiako Gobernuak hirugarren fasetik aitzinera onartuko zituztela adinekoen egoitzetarako bisitak. Bizkaian eta Nafarroan, hasiak dira egoiliar eta senitartekoen arteko bisitak egiten. Araban eta Gipuzkoan, berriz, astelehenean hasiko dira. Iparraldean, apirilaren 21etik aitzinera onartu zuen Frantziako Gobernuak senitartekoek egoiliarrei bisitak egitea. 

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Udaletako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Zumarragan bilduta. ©/ Ordiziako Udala

Ordiziako fokuan 35 pertsona kutsatu dira oraingoz, eta alkateak «autokonfinatzeko» eskatu du

Irati Urdalleta Lete - Jon Ordoñez Garmendia

Beste hemeretzi positibo daudela jakinarazi du Osasun Sailak, eta dagoeneko mila PCR baino gehiagoren emaitzak jaso dituzte. Alkateak "kutsatze komunitario bat" dagoela esan du.Murgak baztertu egin du konfinamendua ezartzea, baita joan-etorriak mugatzea ere. Itxi zituzten Haka, Miami eta Kebab tabernetako zerbitzariek negatibo eman dute. Biharko azoka bertan behera utzi du Udalak, eta kiroldegia, jolas parkeak eta liburutegia itxi ditu.

Jair Bolsonaro. ©Joedson Alves / EFE

Bolsonarok positibo eman du COVID-19an

Oihane Puertas Ramirez

«Bikain» dagoela adierazi du Brasilgo presidenteak. Hura izan da COVID-19aren eragina ukatu izan duten agintarietako bat, eta horrek ekarri du Brasil herrialde kutsatuenetako bat izatea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna