Altsasuko auzia

Terrorismo delituaren kalifikazioa kentzeko eskatu dute hainbat sindikatuk

Agiri bateratu bat kaleratu dute CCOO, ELA, LAB, ESK, CGT, Steilas, Hiru eta EHNEk, kasuaren inguruan duten kezka adierazteko.

Altsasuko bira Iruñera iritsi zenean, Gazteluko plazan. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2018ko apirilaren 6a
16:46
Entzun

Adierazpenean zortzi sindikatuek bi eskaera nagusi egiten dituzte. Alde batetik, Altsasuko zortzi gazteen errugabetasun presuntzioa eta, urraketarik gabe, bidezko epaiketa izateko eskubidea aldarrikatu dute. Bestetik, eskatzen dute terrorismo delituaren kalifikazioa eta oraindik orain espetxean jarraitzen duten hiru gazteen aurkako bada ez badako neurriak kentzeko.

Epaiketa ate joka dago. Haren aurrean, gero eta ahots gehiagok eskatzen dute hura bertan behera uztea eta auzia Nafarroako Auzitegietara itzultzea. CCOO, ELA, LAB, ESK, CGT, Steilas, Hiru eta EHNE sindikatuek adierazpena kaleratu berri dute, eta euren kezka azaldu dute Zuzenbide Estatuaren printzipioen izenean; hala nola, elkarbizitzaren, askatasunaren, justiziarekiko konpromisoaren edo giza eskubideekiko errespetuaren izenean.

2016ko urriaren 15eko goizaldean izandako liskarrak soka luzea ekarri du, eta zortzi gazte auziperatuei hamabi eta 62 urte arteko espetxe zigorrak eskatu dizkie fiskaltzak. Eskaera horren aurrean, sindikatuek gogora ekarri dute iaz Nafarroako Lurralde Auzitegiak kontrakoa adierazi zuela; alegia, ez zuela "terrorismo delitua leporatzeko zantzurik aurkitu" eta, ondorioz, Nafarroan ikertu zein epaitu beharko litzatekeela. "Terrorismo delituak delitu larria gertatu izana eskatzen du", dio agiriak. Halaber, Foruzaingoaren zein Guardia Zibilaren txostenetan baztertu egiten da kalifikazio hori.

Horregatik, sindikatuek errefusatu dute zortzi gazteei guztira 375 urte eskatzea edo euretako hiruk espetxean dagoeneko hamasei hilabete iragan izana. Sindikatuen arabera, Auzitegi Naizonalak urratu egin ditu gazteen berme prozesala eta segurtasun juridikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.